Altsasuko auzian Guardia Zibilaren bertsioa entzun ez dela salatu du Covitek elkarretaratze batean

Euskalerria Irratia 2018ko api. 18a, 09:16

Argazkia: Atzo Guardia Zibilarekin elkartasunez eta Nafarroako Gobernuaren jarrera salatzeko egindako elkarretaratzea. / @CovitePV

Gobernua "erasotzaileen alde" jarri dela esan dute. Hainbat hedabidek, 1.000 lagun izan zirela zabaldu dute; antolatzaileek, 4.000; Gobernu Delagaritzak, 2.500. Otoitz egiten amaitu zuten mobilizazioa.

Nafarroako Gobernua "erasotzaileen alde" jarri da Altsasuko Auzian, Covite eta terrorismoarren biktimen beste elkarte batzuek atzo deituriko elkarretaratzean zabaldutakoaren arabera, eta "Guardia Zibilaren bertsioa isildua izan da". Nafarroaren jarrerak "lotsatu" egin ditu "Espainiaren aurrean". Botere judiziala "presionatzea" ere leporatu diete "Nafarroako instituzio publikoei", baita "elkartasuna" ez adieraztea ere.

1.000 lagun izan zirela zenbatu dute Nafarroako hainbat hedabideek; antolatzaileek, 4.000; eta Espainiako Gobernuaren Delegaritzak, 2.500. Zenbaki dantza badago ere, argia dena da ez zirela iritsi Merindade plazaraino, eta hori zen asmoetako bat, baina Udaltzaingoak ez zuen plazarako sarbidea ixteko beharrik izan. 

Hamaika ordezkari politiko

Bertaratutakoen artean, oposizioa osatzen duten alderdien hainbat ordezkari: Miguel Sanz eta Jaime Ignacio del Burgo presidente ohiak, Enrique Maya eta Serio Sayas (UPN), Guzman Garmendia eta Maite Esporrin (PSN) eta Javier Garcia (PP), esaterako. 

Aita gurea ahotan

Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak itxi zuen ekitaldia. Hain justu, Covite da Altsasuko gazteak terrorismo delituengatik epai ditzaten eskatu duen herri akusazioa. Biktimen aldeko minutu bateko isilunea eskatu zuen Ordoñezek, orduan, baina, elkarretaratzean zegoen espontaneo bat aita gurea otoitzarekin hasi zen: batzuek segitu egin zuten, beste batzuek marmarrean kexatu ziren bitartean. 

Amaitzerakoan, bertaratutako batzuek Espainiako ereserkia eskatu zuten arren, Nafarroako himnoa jarri zuten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!