40.era iritsi dira. Nafarroaren Egunak urteurren borobila izanen du aurten. Basaizea Elkarteak berriz ere apirilaren azken iganderako prestatu du egun handia. Apirilaren 29an ekitaldi ugari eta festa giroa nagusituko dira Baigorrin. Baina, hori baino lehen ere izanen dira ekimenak: bezperan, apirilaren 28an, musikaldia antolatu dute Baigorriko Elizan: Xare izanen da Hertz orkestrarekin; Natxo de Felipe; Niko Etxart, Eñaut Elorrieta; Eltzegor; Amaia Riouspeyrous; Aire Ahizpak; Xendarineko Ahizpak; Astezkenekoak; Kantikuri eta Baigorriko gaiteroak izanen dira. Kantu maiteak eta lagun zaharrak izanen dituzte hortaz iluntzean, 21:00etan.
1979an ospatu zen lehen aldiz Nafarroaren Eguna, Baigorrin. Euskal Kultura, Nafarroa, Euskal Herria eta Euskara indartzeko eta omentzeko modu izan zen garai hartan ere. Aurten ere, jai giroa nagusituko da: Goizean goizetik askaria izanen dute eta gero dantzak, ziganteak, txarangak eta beste. 11:00etan hasiko da desfilea, bazkaria 14:00etan eta arratsaldean haurren xokoak eta musika: Niarawa batukada, Bokale brass band, Jaiak txaranga, Kuartz, Tximberos, Anita Parker eta Tiry eta Terry.
Ekitaldi ugari aurtengo
>Apirilaren 15ean, igandea, antzerkia izanen da 'Zazpi senideko' izenekoa. Bil Etxean izanen da 18:00etan.
>Apirilaren 21ean, larunbatarekin, kontzertua izanen da 'Mugaz gaini' izenekoa. 21:00etan izanen da Elizan.
>Apirilaren 28an, larunbatarekin, Bestofaldia. Kantu maiteak eta lagun zaharrak musikaldia. 21:00etan Elizan.
>Apirilaren 29an, igandearekin, Nafarroaren Eguna.