562 metroko desnibela zuen ibilbidea egiteko 28,42 minutu behar izan zituen Rita Jimenez ekiatzaile eta triatletak. Berarekin hitz egin dugu ‘Kirol Txiki, Esfortzu handi!’ Mikel Nabarrok gidatutako kirol tartean.
Honetaz gain joan den asteburuko emaitzak eta agendaren berri eman digu Nabarrok.
NAFARROAKO KIROL EGOKITUA SASOIAN
Bi kirolari egokitu nabarmendu dira aldi berean asteburu honetan, Edu Santas eta Ruben Pascual, alegia. Txirrindularitzan Edu Santasek 3 urrezko domina lortu zituen Pistako Espainiako Txirrindularitza Egokituaren Txapelketetan. 28 urteko txirrindulari nafarrak irabazi zuen lehiatu zituen hiru probak eta Estatuko 21 titulu izatera iritsi da. Azken 6 urte hauetan Eduardok jazarpen proba irabazi du urtero, eta Galapagarko belodromoan lehiatutako txapelketa honetan scratch eta kilometro bateko modalitateetan ere nagusitu zen. Historia egiten jarraitzen du Santasek eta hemendik zorionak esaten diogu.
Bestalde, pasa zen astean iragartzen genuen Ruben Pascualek parte hartuko lukela Atletismo Egokituaren Pìstako Munduko Txapelketan ba bi domina ekarri ditu etxera. Joan zen asteburuan Frantziako Val de Reuil hirian lehiatutako topaketa honetan El Molino Taldeko atleta nafarrak urrezko domina lortu zuen erreleboko 4x200 metroko proban eta zilarrezkoa erreleboko 4x400 metrokoan. Estreinaldi ezinhobea Rubenena eta atzo Iruñeko tren geltokian merezitako harrera izan zuen bere senitarteen eta ANFAS elkartekideen partez. Zorionak Ruben!
Baina Badajozen izandako Distantzia Luzeko Espainiako jaurtiketa Txapelketatik ere nafarrek sariak ekarri zituzten. Alegia, June Kintanak absolutu kategoriako Espainiako Txapeldunaren titulua berretsi zuen diskoa 50 metro eta 13 zentimetrora jaurti ondoren. Bigarren sailkatuak baino 40 zentimetro urrutiago. Txapelketa honetan Manu Quijerak ere distiratu zuen jabalina diziplinan zilarrezkoa lortuz. Grupompleo Pamplona Atletikoko kidea urrezko dominatik 2 metrora geratu zen Odei Jainaga gipuzkoarrak 69 metro eta 51 zentimetroko marka sinatu zuelako.
HERRI KIROLETATIK ERE ALBISTE ONAK DAKARTZAGU
Iker Vicentek eta Rubén Saralegik Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa irabazi baitzuten. Bikote nafarrak ospa handiko txapelak kendu zion Atutxa bigarrenari, aurreko lau urteetako txapeldunari. Kasu honetan Atutxa II-k Alberdi ‘Txikia IV’ bikotekidea izan zuen eta haiek bigarrenak izan ziren Azpeitian lehiatutako 3ko final honetan non Mugertza II eta Joseba Otaegi podiumeko hirugarren tokian geratu ziren.
AGENDA
Larunbat honetan arratsaldean Selekzioen Arteko B Mailako Espainiako Errugbi Txapelketako Finala Tuteran, Nelson Mandela Zelaian. Nafarroako Selekzioak Aragoiko taldea izango du aurrean.