Itsaso Fagoaga lesakarrak tiro olinpikoa utziko du

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 20a, 17:34

Bederatzi aldiz izan da Espainiako Txapelduna. Orain 27 urterekin alde batera utziko du konpetizioa, baina ez horrela eskopeta, basurde ehizan jarraitzeko.

Skeet olinpiar disziplinan Itsaso Fagoagak ez du parekorik: bederatzi aldiz Espainiako Txapelduna izan da. Honetaz gain zortzi Espainiako kopa eta sei Errege kopa eskuratu ditu.

Orain 27 urte beteta, lehiaketak utziko ditu bere lanbidean bete betean aritzeko. Ingeles irakaslea da eta orain oposaketak prestatzea du helburu. Honetaz gain basurde ehizan jarraituko duela gogotsu adierazi digu. Aragoi eta Kataluinaren artean ibiltzen da bere ehiza taldearekin eta azken urteotan 1.000 ale baino gehiago akabatu dituztela esan digu.

Berarekin mintzatzeko aukera izan dugu “Kirol Txiki, Esfortzu Handi!”tartean Mikel Nabarroren gidaritzapean.

Honetaz gain joan den asteburuko hainbat emaitzaren berri izan dugu eta baita hurrengo egunetarako agenda ere.            

 

ATLETISMOAN

Maitane Melerok jarraitzen du atletismo nafarraren maila handitzen eta historia egiten estatu mailan. Asteburu honetan estalitako pistako 3 mila metroko probako Espainiako Txapelduna izan zen eta gainera, Nafarroako errekorra berriro gaindituz. Valentzian,  Grupompleo Pamplona Atletikoko korrikalariak kronometroa gelditu zuen 9 minutu 8 segundo eta 44 zentesimako denboran. Modu honetan, 2017Ko Kirolari Nafar Onenak historia egiten jarraitzen du 2018an distantzia honetako lehendabiziko urrezko domina nafarra lortu baitu. Izugarria Melerorena. Baina Izaskun Turrillasek lortu zuena bezain txalogarria izan zen. Alegia, Grupompleo Pamplona Atletikoko altuera-jauzilariak brontzezko domina eskuratu zuen metro bat eta hirurogeita hamazazpi zentimetroko altueraren gainetik jauzteari esker. Kontuan izanda, nafarroak estalitako instalazioak ez dituela, eta negu gorria pairatzen ari garela, benetan, Atletismo nafarrarena izugarria da.

 

 

ERRUGBIAN

La Unica Emakumezkoen Rugby Taldeak ohorezko mailara igotzeko fasera iristeko bidean mantentzen da eta Euskal Ligako bigarren faseko Eibarren jokatutako bigarren jardunaldian, nahiz eta akats propioengatik gehiegi sufritu, nafarrek garaipen landua lortu zuten talde armagina 5-15 irabaziz. Hurrengo jardunaldian, peñakideek Gernikaren aurka jokatuko dute.

 

Eta honetaz gain, asteburu honetan beheko kategorietako gizonezkoen Nafarroako Selekzioa Espainiako Autonomien Arteko Finalerako sailkatu zen Asturias irabazteari esker. 16 urte azpiko kategoriako gorritxoek 50/17 irabazi zuten eta 18 azpiko nafarrek  27/17. Modu honetan, datorren martxoaren 10ean Tuteran Aragoiko Selekzioa irabaziz gero, iaz lortutako titulua berretsi ahalko dute.

 

PILOTAN

Gure ordezkariek zorte txarragoa izan zuten eta Irurtzungo Pilota taldeak Kluben Arteko Euskal Herriko Txapelketako Finala galdu zuten Amezketako Zazpi Iturri klubaren aurka. Tolosako Beotibarren lehiatutako Lau T´erdiko modalitatean Ongay pilotari nafarrak lehendabiziko puntua lortu zuen arren, buruz buruzkoan Olanok galdu zuen eta binakako partiduan Olazabalek eta Bergerak 22-12 galdu zuten ere bai. Gauzak horrela, nafarrak txapeldunordeak izan ziren.                                                                     

 

AGENDAri begira

Izotz Hockey-ko emakumezkoen lehenengo mailako Ligako Finala dator. Uharte Izotz Taldea saiatuko da sorpresa ematen Majadahondan. Gogorarazten dugu lehenengo partiduan nafarrek 0-4 galdu zuten etxean eta asteburu honetan Madrilera doaz finala luzatzeko asmoz. Larunbateko partidua irabaziz gero, hirugarren bat izango lukete.

 

Erlazionatuak

Itsaso Fagoaga

Euskalerria Irratia 2018 ots 20 Iruñerria

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!