NUPek gradu eta masterreko ordezkarien lana aitortu du

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 20a, 08:57

Argazkia: Ordezkarien taldea, agintari akademikoekin, Iruñeko Arrosadiko campusean.

Unibertsitateak beren kideen ordezkaritza egiteko ardura hartzen duten ikasleen lana goraipatu du.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gradu eta masterreko ordezkariei ongietorria egiteko ekitaldia egin du ikasturte honetan, eta aldi berean joan den ikasturtean lan hori egin zuten ikasleen lanaren aitortza egin du. Unibertsitateko eskola edo fakultate guztietako berrogeita hamarren bat ikasle egon ziren ekitaldian. Agintari akademikoen aldetik, honako hauek egon ziren: Alfonso Carlosena errektorea, Cristina Bayona Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea eta Roldán Jimeno Ikasleen Arloko zuzendaria.

Ekitaldian zehar ikasleei azaldu zitzaien zer garrantzizkoa den beren ikaskideen ordezkaritza egitea, eta zer nolako erantzukizuna dakarren. Halaber, eskerrak eman zitzaizkien lan hori eskuzabaltasun osoz eta ezer ezen truke egiteagatik.

Ordezkariak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasleen Kontseiluko kideak dira. Organo hau ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza-organoa da, eta Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzaren mendekoa da. Ordezkariez gain, ikasleek Klaustrorako aukeratu dituzten kideek ere Kontseilua osatzen dute.

Ordezkarien lana Unibertsitateko bizitzan

Ordezkariek oso lan garrantzizkoa egiten dute Unibertsitatearen barruan, ikasleek horien bidez hartzen baitute parte sail eta ikastegietako eguneroko bizitza akademikoan. Horretaz gain, laguntza ematen dute ikasleen eta irakasleen zein Unibertsitateko beste organo batzuen arteko harremanak hobeak izan daitezen.

Beren lana, NUPeko araudian biltzen den bezala, talde bakoitzeko ikasleak ordezkatzea da irakasleen, sailen eta ikastegien aurrean. Horretarako, proposamenak, eskaerak eta kexak, halakorik badago, aurkezten dituzte. Gainera, horretarako arrazoiak daudenean, beren proposamen edo kexa horiek jakinarazten dizkiete ikasleek Unibertsitateko gobernu organoetan dauzkaten ordezkariei. Horretaz gain, ikasleen eta NUPeko organoen arteko harremana egokia izateko beharrezkoak diren komunikazioak jakinarazteko ardura dute. Asmo horrekin, beren ikaskideei deialdiak egiten dizkiete informazio bileretara joateko.

Beren egitekoen artean, beste hauek ere badaude: Unibertsitatearen helburuen garapena eta kalitatea lortzen laguntzea, beren karguari dagozkion egitekoak betetzen laguntzeko egiten diren bileretara joatea, eta beren ordezkaritza-lana egoki betetzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak egitea. Ordezkariak sufragio libre, pertsonal, berdin eta isilpekoaren bidez aukeratzen dira, eta ikasle bakoitzak irakasgai kopuru handien matrikulatuta dagoen ikasmailan ematen du bere botoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!