Badira zenbait aste Podemos-Ahal Duguren baitan ez genuela albisterik, eta gaur, oharra iritsi zaigu. Oraindik espedientearen emaitzarik ez, baina horren aurretik oharra. Herritarren Kontseiluak berretsi du ohar horretan, parlamentuan, Laura Perezek, Fanny Carrillok, Ruben Velascok eta Carlos Cousok hartutako bidea arduragabea dela, talde parlamentarioaren araudia hautsi dutelako eta Herritarren Kontseiluko eskumenak ere. Modu antidemokratikoan aritzea ere leporatu diete, zuzendaritzaren kargua hartu dute eta baita erakundeetan Podemos-Ahal Duguren izenean aritzeko ere.
Gauzak horrela, Herritarren Kontseilua, erabakiak hartzeko organu gisara, lau parlamentariei eskatu diete koherentziaz jarduteko eta hartutako konpromisoak aintzat hartzeko. Euren akta uzteko eskatu diete eta beste alderdikideei lekua uzteko. Modu horretan bakarrik eskuratzen ahal da sortutako tentsioa apaltzea eta elkarbizitza hobetzea. Podemos-Ahal Duguren Herritar Kontseiluak azkenik helarazi duen mezua da, bat egiten segitzen dutela Programaren Gaineko Akordioarekin, alegia, aldaketaren gobernuarekin.
Kritikoen erantzun isila
Carlos Couso izan da gaur Mahai eta Eledunen batzarraren ondoren komunikabideen aurrera irten dena. Eta hain zuzen ere hedabideen aldetik jakin du Podemos-Ahal Duguren Herritar Kontseiluaren oharraren berri. Ez du baloraziorik egin nahi izan barneko kontuak direlakoan.