Aberri Eguna apirilaren 1ean Iruñean ospatzeko dei egin du Independentistak Sareak
Prentsara bidalitako oharrean diotenez, mundu osoan euskal komunitatea dagoen tokietan ere Aberri Eguneko ospakizunak bultzatuko dituzte.
"Apirilaren 1ean, Euskal Herriak munduko herri guztien artean bere bere tokia izan behar duela aldarrikatuko dugu. Inolako kanpo inposaketa eta injerentziarik gabe, geure etorkizuna askatasunean, demokrazian, justizia sozialean eraiki nahi dugula, eta horretarako burujabetza osoa behar dugula adieraziko diogu mundu osoari Aberri Egunean", diote.
Espainiako eta Frantziako Estatuen egituren barruan ezin dela burujabetzarik lortu uste dute. "Espainia eta Frantziako inboluzio politikoak eta 78ko espainiar erregimenak Kataluniako prozesuaren aurrean agertu duen ultranazionalismo bortitz eta ukatzaileak inoiz baino garbiago erakutsi digu errealitate gordina. Menpekotasunean ez dugu etorkizunik. Burujabetza berreskuratzeko bideak sakon aztertu, urratsak zehaztu eta ibiltzen hasteko ordua da. Norabidea argi dago: Euskal Estatu sozial eta demokratikoa eratu eta Euskal Errepublika aldarriakatu. Helburua, askatasuna, hots, herritar guztiok zoriontsu bizitzeko herri librea".
Aberri Egun zabal eta parte-hartzailea izatea nahi dute Independentistak Sareko kideek. Datozen asteetan kaleratuko dituzte 2018ko Aberri Egunaren inguruko hausnarketa politikoa, egitaraua eta zehaztasunak. Apirilaren1eko erronkari elkarlanean aurre egiteko deia luzatu diete independentistei.