Hemendik aurrera, Mikel Buil ez, Carlos Couso izanen da Ahal Dugu-ren bozeramailea. Fanny Carrillo izanen da bozeramailearen ondokoa, Tere Saezen tokia hartuta. Mahaiaren bileraren ondotik, Buil eta Saez elkarrekin agertu dira prentsa aurrean: "Agur esan nahi dugu bozeramaile gisa. Herritar Kontseiluak aukeratutako bozeramaileak hitzik gabe utzi dituzte; beraz, Ahal Dugu-k ez du hitzik ganbera honetan". Builtek esan duenez, ardurak hartu dituztenek ez dute Ahal Dugu ordezkatzen. Ez dute galderarik erantzun.
Alderdi guzien txanda bukatuta, Carlos Cousok hitza hartu du, atzean Laura Perez eta Ruben Belasko parlamentariak lagun zituela. "Lasaitasun mezua helarazi nahi dugu. Ez gaude akzio-erreakzio dinamika batean. Talde parlamentarioan inor ere ez dago sobran", esan du bere mintzaldiaren hasieran. "Ez da agurretarako tenorea inorentzat; izatekotan, berriz elkartzeko eta adiskidetzeko tenorea da". Hala, "eskua luzatu" die Buil eta Saezi, elkarlanean aritzeko.