Gaur erabakiko da Podemos-Ahal Dugun bozeramale aldaketa izanen den

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 29a, 09:00

Laura Perez, Carlos Couso, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eta Mahaiak eguerditik aurrera aztertuko du Laura Perezen aldeko lau parlamentariek egindako eskaera.

Podemos-Ahal Duguko zazpi parlamentarietatik lauk babesa agertu diote Laura Perezi alderdiko Berme Batzordeak esperdientea zabaldu ostean. Gogoeta egiteko deia egin zioten zuzendaritzari joan den astean. Horrez gain, Parlamentuko alderdikide gehienen babesa baliatuta, bozeramaile aldaketa eskatu zuten joan den ostegunean Parlamentuan. Carlos Cousok hartuko luke lan hori, une hauetan Mikel Builen eskutan dagoena. Bozeramalearen ondokoa ere aldatzeko eskatu dute, Tere Saezen ordez Fanny Carrillok hartuko luke postu hori. 

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eta Mahaiak gaur eguerditik aurrera aztertuko du Carlos Cousok berak, Laura Perezek, Fanny Carrillok eta Rubern Velascok egindako eskaera.

Aldaketaren gobernua, kolokan?

Aldaketa onartuz gero gerta liteke Podemos-Ahal Duguko talde parlamentarioa lau kiderekin geratzea, eta horrek eragin zuzena izanen luke Gobernuan. Izan ere, ez lukete izanen gehiengoa eta parlamentuko zenbait batzordetan ere galdu eginen lukete gehiengo hori.

Gauzak ez daude bare, baina, aldaketa kolokan izan daitekeela esaten duten hotsei lasaitasuna eskatu die  Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako presidenteordeak. Berretsi du Aierdik akordio programatikoa betetzeko lanean jarraituko dutela. Aierdi ez da lasaitasunerako deia egin duen bakarra. Cousok berak nabarmendu du alderdi barruko krisiak ez duela aldaketa kolokan jarriko.

Kode etikoa austeagatik, espedientea

Alderdiko zuzendaritzak eta bereziki Berme Batzordeak Laura Perezi alderdiaren kode etikoa larri urratzea egotzi dio, eta jokabide horrekin alderdiaren "izen ona zikintzea eta proiektu politikoaren sinesgarritasuna kolokan jartzea" aurpegiratu dio. Baina azalpen gehiagorik eman gabe. Perezek egozten zaizkion guztiak gezurtatu ditu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!