Arartekoak bost urte daramatza interinitate egoeran, UPNren garaitik, alegia. Javier Eneriz arartekoak 2013an amaitu behar zuen legealdia, baina, kontuan izanda parlamentuko botoen hiru bosten direla beharrezkoak aldatzeko -30 boto-, ordutik ez da adostasunik erdietsi karguan beste inor jartzeko. Eta, horren karietara, hautsak harrotu ditu PSNk: beste ararteko bat beharrezkoa delakoan dago, baina ez du ez hautagairik ez irtenbiderik proposatu.
"Bost urteren buruan instituzioak legitimitatea behar du, berrikuntzarekin iritsiko den zerbait", esan du Maria Chivitek, baina konponbiderik proposatu gabe, eta hori da gainontzeko alderdiek leporatu diotena. "PSN librea da oso nahi duena esan eta egiteko, baina hori da zentsura mozia egitearen gisakoa beste hautagairik aurkeztu gabe", kritikatu du Geroa Baiko kide Koldo Martinezek. EH Bilduko Adolfo Araizek ere nabarmendu du "zentzugabea" litzatekeela eztabaida piztea hautagairik gabe, "denbora galtzea".
UPNk laukoari egotzi dio gainontzeko taldeekin ados ez jartzea arartekoa berritzeko, ahantzi izan balu bezala bere garaian erregionalistek ez zutela nahikoa babesik ordezkatzeko.