Nafarroara Espainiako Sustapen Ministroa, Iñigo de la Serna, da etortzekoa. Abiadura Handiko Trenaren lotura Euskal Autonomia Erkidegoko Y-rekin zein izanen den zehaztera etorriko da Iruñera lehenbizi eta Gasteizera gero. Izan ere, bi aukera aztertzen aritu dira bai Espainia, bai Nafarroa eta baita Euskal Autonomia Erkidegoa ere. Lotura hori, Ezkiotik egitea da horietako aukera bat, Gipuzkoatik barrena; edo bestea, Gasteiztik egitea lortura, Araba zeharkatuta. Azken aukera horrek hartu du pisurik handiena azken orduetan, horren aldeko agertuko delakoan Madril.
Bataren eta bestearen artean, badira alde nabarmenak.
Ezkiotik eginen balitz lotura, laburragoa izanen litzateke kilometro kopurua. 55 kilometroko azpiegitura sortu beharko litzateke kasu horretan, eta Gasteiztik eginez gero 80 kilometro beharko lirateke. Hori bai, Ezkioko aukera hartuta, 55 kilometro horien artetik 30 tunelen bidez egin beharko litzateke eta luzeenak, tunelik luzeenak 21 kilometro izanen lituzke. Horrez gain, 17 zubibide egin beharko lirateke. Ingurumenari begiratuta, zonalde malkartsua, menditsua da eta zailtasun ugari izanen lituzke.
Ezkioko 55 kilometro horiek egin ahal izateko, gastua, asko handituko litzateke, BEZik gabe egin dituzten kalkuluen arabera 1.670 milioi euroko gastua izanen luke.
Gasteiztik eginen balitz lotura, merkeagoa litzateke, Ezkiotik egitea baino 950 milioi gutxiago, guztira hori bai, 720 milioi euroko inbertsioa beharko litzateke.
Tunelak 5,7 kilometrotan egin beharko lirateke eta 1,9kilometrokoa izanen litzateke luzeena.
Euskal Autonomia Erkidegoko lotura Iruñearekin, plataforma berri baten bidez eginen litzateke, bide bikoitzarekin nazioarteko zabalera hartuko lukeena. Ez dute nahikoa ikusten hirugarren bide bat zabaltzearekin.
Gauza horiek guztiak mahai gainean izanda, gaur, argitu eginen du aurreikuspenen arabera Iñigo de la Serna Sustapen ministroak zein aukerarekin egiten duten bat Abiadura Handiko Trena Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoan sortzeko. Azalpenak emanen ditu, joan den uztailaren 12an hiru administrazioek egindako bileraren ondoren. Garai hartan, konpromisoa hartu zuen Espainiak informazio ikerketa bat eta ingurumenarekin zer nolako eragina izanen lukeen aztertuko duen txostena egitea.
Oraindik AHTaren inguruan zalantza asko daude. Besteak beste, Iruñean sortuko den buklea nola askatuko duten edota nola eginen duten Eskirotz eta Zuastiren arteko lotura eta Iruñean non eta nolako geltokia izanen den.