'Biko-Teka' ilustrazio eta narrazio tailerrean, plazak libre

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 8a, 14:32

Liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko da lau egun eta erdiko ikastaroan.

Idazle-ilustratzaileak bikoteka jarri eta modu praktikoan nork bere lanera bideratutako erabakiak hartzen laguntzea da Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak koordinatuko duten tailer honen helburua. Bigarren tailer honetara liburu grafikoak argitaratzen dituzten Unai Pascual (Denonartean) eta Pello Elzaburu (Pamiela) editoreak ere gonbidatu ditugu, euskal album ilustratuen edizioa bertatik bertara ezagutzeko.

Aitziber Alonso eta Harkaitz Cano izanen dira irakasleak eta Unai Pascual eta Pello Elzaburu gonbidatuak.

Metodologiaren nondik norakoak

Biko teka tailerraren xede nagusia euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Horregatik, tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du.

Tailerrean zehar ariketa praktikoak azalpen teorikoekin tartekatuko dira. Eta horrez gain, film, irudi eta liburuak ere erakutsiko dira.
Ikasleek formazio saioetan azalduko diren gaiei loturiko erantzun berehalakoak proposatu beharko dituzte: testuari nahiz irudiari dagokionez.

Gainera, liburu grafikoen edizio mundua gertutik ezagutzeko parada izango dute ikasleek euskarazko album ilustratuak argitaratzen diharduten bi editoreren eskutik: Pello Elzaburu eta Unai Pascual, hain zuzen.

Nori zuzendua

Gehienez irudigile eta idazle banak osatutako 8 bikotek parte hartuko dute.

Parte hartzeko baldintza orokorrak: • Idazle eta ilustratzaileek parte hartu dezakete, bakarka zein binaka. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko zaie, posible den heinean. • Parte-hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar eta aurkezten diren hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira. • Parte-hartzaileek euskaraz jakin behar dute. • Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da.

Eskaintza zein den 

Tailer honetako formazioa jasotzeko beka bana eskainiko zaie epai-mahaiak aukeratzen dituen 16 lagunei (8 bikoteei). Lau egun eta erdiz, guztira, 37 orduko tailer praktikoa eskainiko da.

Non eta noiz

Urtarrilaren 29tik otsailaren 1era, egun osoz:
Goizeko 9:00etatik 14:00etara (ordu erdiko atsedenarekin).
Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.

Azken saioa, otsailaren 2koa, goizez: 9:00etatik 14:00etara.

Asistentzia derrigorrezkoa da: parte-hartzaileek tailerraren saio guztietara etortzeko gai izan eta horretarako konpromisoa hartu behar dute.

Descalzos kaleko Igogailu ondoko udal aretoa Descalzos kalea 56, 2. solairua 31001 Iruñea

Nola egin izen ematea

Ilustratzaile bakoitzak bere 3 ilustrazio bidali beharko ditu: argitaratuak edo ez, bere ustetan bere lana hobekien jaso edo biltzen duten 3 irudiak.

Idazle bakoitzak testu labur bat bidali beharko du: argitaratua edo ez, bere ustetan bere lana hobekien islatzen duen idazlana. Gehienez ere orrialde bateko luzera izan behar du.
Bikotean aurkezten direnek bere proiektuaren zirriborro bat bidali beharko dute.

Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko dute: - Curriculuma - NANaren kopia bat - Posta elektronikoaren helbidea - Telefono zenbakia Dokumentazioa e-mail bidez bidali beharko dute helbide honetara: galtzagorri@galtzagorri.eus.

Galtzagorri Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatu dute, Etxepare sariaren laguntzaz.

Informazio gehiago galtzagorri@galtzagorri.eus helbidean edota 943 471 487 telefonoan aurki daiteke.

Oinarriak hemen irakurgai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!