Juan Antonio Urbeltz etnografoak eta bere emazte Marian Arregik 2017ko Txondorra saria jaso dute gaur eguerdian, Iruñeko Udaleko harrera-aretoan. Olentzeroren Lagunen Elkarteak ematen du hirugarren urtez sari hau, Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Iruñeko alkate Joseba Asiron, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera, Olentzeroren Lagunen Elkarteko ordezkariak eta Udalbatzako kideak izan dira ekitaldian.
Mende erdi baino gehiago eman dute Urbeltzek eta Arregik ikerketa eta sormena uztartzen: kultura herrikoia eta euskal dantza tradizionala ikertzen eta ikuskizunak, koreografiak eta dantzak sortzen, Argia taldeko buru gisa. Dantza tradizionalen jatorria bilatzen egundoko lana egin dute elkarrekin, eta horretarako zorrotz aritu dira materiala biltzen. Hori guztia tradizioan sustraitutako ikuskizunetan islatu da, zeinek koreografia-apustu berriak egiten baitituzte. 1987tik aurrera, Urbeltzek eta Arregik ikuskizun sorta bat gauzatu zuten: Irradaka, Zortziko, Muriska, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque, Axeri-Boda, Axuri-Beltza eta Besta Berri. Ikuskizun horien bidez euskal dantza tradizionalaren eszenaratzea birsortu nahi dute.
Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folklorista Iruñean jaio zen, 1940an. 1958an Goizaldi dantza-taldean sartu zen, 1966an Argia taldera pasatu zen;orduz geroztik taldeko zuzendaria da, eta harekin batera koreografia, musika-tresna eta jantzi tradizionalak ikertu ditu. 1988az geroztik Ikerfolk elkartea zuzentzen du, eta han ere euskal folklorea ikertzeko lan handia egiten da. Juan Antonio Urbeltz, gainera, Jorge Oteiza Museoa Fundazioko patronoa da, eta Eusko Ikaskuntzako kide, non Folklore ataleko presidente izan baitzen. Marian Arregik, bestalde, Argia taldeko musika-zuzendari izan da, eta musikariekin batera hainbat disko kaleratu eta haien partiturak prestatu ditu. Duela zenbait urte, Benito Lertxundirekin elkarlanean aritu zen, haren disko batzuetan ere parte hartu zuelarik.
Sariaren hirugarren edizioa
Ikatz itxurako irudi bat da saria, Benito Goñik sortua, egurrarekin, metalarekin eta gresarekin. Aintzatespen honen bidez, kultura herrikoi tradizionala ikertzeagatik eta hedatzeagatik nabarmendu diren pertsona, erakunde edo elkarteak omendu nahi dira. Lehen edizioan ex aequo eman zieten saria Lesakako herriari eta, hilosteko omenaldi gisa, Andoni Santamaríari, San Antonioko Gazteriaren sortzaileari. Iaz Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoak jaso zuen.
Sari honen hirugarren edizioko epaimahaikideak honako hauek izan dira: Iruñeko alkate Joseba Asiron; Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera; Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko Laura Igantzi; Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Roldán Jimeno; Historian doktore eta Filosofia irakasle Mikel Aranburu; Nafarroako kazetarien elkarteko presidente Patxi Pérez eta Javier Arteta txistularia. Saria eman ondoren, Lau Urrats taldeko bi dantzarik Olentzero dantza dantzatu dute, abesbatza batek lagunduta.
Olentzerori harrera Udaletxe plazan
Hirugarren urtez jarraian, Iruñeko Udalak harrera egingo dio Olentzerori Udaletxe plazan, igandean, 19:15ak aldera. Desfilea 18:00etan hasiko da, Iturralde y Suit kalean, eta Txapitelara heltzean, Olentzero Calceteros kalea hartu eta Udaletxe plazaraino helduko da. Bertan Joseba Asiron alkatea eta zinegotziak zain izango ditu, baita La Pamplonesa Udalaren musika-banda ere. Alkateak Olentzerori zapi koadrodun handi bat jarriko dio. Zapiak Iruñeko armarria eta “Iruñeko Udala. Olentzero 2017” testua daramatza, une horren eta hirian mantentzen den tradizioaren oroigarri gisa. 19:00etatik, La Pamplonesak Udaletxe plazan zain dauden herritarren itxaronaldia girotuko du, Eguberrietako hainbat kanturekin.
Hona hemen desfilearen ibilbidea: Iturralde y Suit kalearen eta Amaia kalearen arteko elkargunea, González Tablas, Paulino Caballero eta Nafarroako Gorteen kaleak, Karlos III.aren etorbidea, Gazteluko plaza eta Txapitela kalea. Une horretan Olentzero Udaletxe plazarantz joango da, eta harrera ofizialaren ondoren, Mercaderes kalea hartu, Estafetatik Amaia kaleraino joan, eta hasierako puntu berean amaituko da desfilea, Iturralde y Suit kalearen eta Amaia kalearen arteko elkargunean.