Euskararen erabilera sustatzeko “Euskaraldia, 11 egunez euskaraz” ekimena aurkeztu dute

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 23a, 20:19

Ana Ollo kontseilariak parte hartu du gaur Bilbon Euskaraldia kanpainaren aurkezpenean.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean eginen da Euskal Herri osoan hiztunak aktibatzeko helburuarekin. Euskalgintzako eragileek eta Euskal Herri osoko erakundeek egin dute dei bateratua. 

Euskaraldiaren helburua herritar euskaltzaleak piztea da, euskararen erabilera sustatzeko. Ekimena "Euskarak 365 egun" kanpainaren barruan dago, eta urtero euskara sustatzen aritzen diren zenbait elkarteren lan-lerroa da. Bi ekitaldi nagusi ditu.

Batetik, "11 egun euskaraz" Euskaraldia ekimena 2018ko azaroaren eta abenduaren artean garatuko da, eta euskaraz hitz egiten duten pertsonen hizkuntza-ohituretan eragitea bilatuko du, bere gizarte-harremanetan euskararen erabilera handiagoa sustatzeko. Bestetik, hizkuntza-normalizazioa pertsonen eta erakundeen erantzukizuna denez, 2019an azken horietara mugatuko da ekimena, edozein erakundek euskararen erabilera laguntzeko eta sustatzeko neurriak har ditzaten.

Herritar euskaldunak piztuz:‘ 11 egun euskaraz’

Ekimena euskararen lurralde osoan garatuko da aldi berean, baina toki mailan udalerri edo eskualde bakoitzaren euskaltzaleak izango dira dinamika sustatuko dutenak eta errealitatera eta tokiko testuinguru soziolinguistikora egokituko dutenak.

Ekimenean parte hartu nahi duten udalerri eta erakundeek 2018ko lehen hiruhilekoan izena eman ahalko dute. Horrela, udaberrian, herritarrek 2018ko Euskaraldiak zer herri eta zentrotan parte ahal izango duen jakingo dute. Erakunde antolatzaileek aurreratu dute 40 udalerri inguru, hiriburuak barne, dagoeneko Euskaraldia prestatzen hasi direla, eta datorren urte hasierarako ekimenean eskualde gehiagok parte hartzea espero dutela esan dute.

Lankidetzaren garrantzia

Gaurko aurkezpenean bildutako eragile guztiek talde-lanaren garrantzia nabarmendu dute. Azken hiletan, euskararen sustapenarekin lotutako erakundeek esparru honetan batera lan egiteko beharra berretsi dute, eta Euskaraldiak aukera paregabea ematen du lankidetza hori gauzatzeko. Horrela, ekimen honen helburua euskararen lurraldeko zenbait lekutan egiten ari diren lankidetza-dinamikak beste udalerri eta eskualde batzuetara zabaltzea da.

Antolatzaileek erakundeek euskararekin lotutako hizkuntza-jarduerak sustatzeko eta laguntzeko duten eginkizuna nabarmendu dute. Azaldu duten moduan, euskara pertsonen arteko harremanetan komunikazio-hizkuntza izateko hiztunek berek aukeratu behar dute, baina testuinguru egokia ere behar da.

Ekitaldia Arriaga Antzokian izan da, eta honako hauek ere parte hartu dute: Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak; Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria eta Iparraldeko Mankomunitate Bakarreko lehendakariordea denak; Elena Lakak, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak; Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak; Naiara Mujikak, Lasarteko Ttakun kultura-elkarteko kideak eta Arrate Illarok, Euskaraldia ekitaldiaren koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea denak. Aurkezpenean ekimena sustatuko duten zenbait erakundetako ordezkariak ere izan dira.

Antolatzaileak azaldu dute aurkezpenaren data ez dutela kasualitatez aukeratu. Azaroaren 23a aukeratu dute hemendik urtebetera ekimen handia hasiko delako, eta euskararen lurralde osoan aldi berean garatuko da. Lehen Euskaraldia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egongo da, "Euskaraldia, 11 egun euskaraz" goiburupean.

Ekimen honen protagonistak euskaraz hitz egiten duten edo euskara ulertzen duten pertsonak izango dira. Hamaika egunetan eguneroko harremanetan euskara erabiltzea eskatuko zaio, inertziak apurtzeko eta euskarazko hizkuntza-jarduerak sustatzeko.

Erakunde sustatzaileak

Hauek dira Euskaraldia sustatzen duten erakundeak: AEK, Artez Euskara Zerbitzua, Bai Euskarari Elkartea, Behatokia - Observatorio de Derechos Lingüísticos, Berria taldea, Soziolinguistikako Klusterra, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elhuyar, Elkar Fundazioa, Emun, Eudel, Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Gobernua – Euskarabidea, Eusko Jaurlaritza – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Ikastolen Elkartea, Irrien Lagunak, Kontseilua, Iparraldeko Mankomunitate Bakarra, Euskararen Erakunde Publikoa, Tokikom, Uema, UEU, EHU.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!