Zabala da Euskararen Nazioarteko Egunari begira Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Euskarabideak antolatutako egitaraua. Lau ekimen mota antolatu dituzte: antzerki emanaldiak, laborategi digitala, musika ikuskizunak eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko Iruñeko finalaurrekoa babestea.
Egitaraua, egunez egun
Familientzako antzerki musikala, Ane eta ohe hegalaria, abenduaren 1etik 8ra eskainiko dute, doan, Tuteran, Iruñean, Lesakan, Altsasun, Tafallan eta Zangotzan; ikasleei bideraturiko kultura digitalaren laborategia, abenduaren 1ean gauzatuko dute, Baluarten, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta; eta, egun berean, Demode Quartetek kontzertua eskainiko du, Baluarten, 20:00etan; abenduaren 2an, aldiz, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa jokatuko da Anaitasunan, Bertsozale Elkarteak antolatuta, baina gobernuak babesa eskaini dio egitasmoari; eta egun berean, musika eskaintza zabala izanen da, 23:00etan, Antoniuttin: Esne Beltzak eta Trikidantzek joko dute.