Bortxaketa izan zela berresten dute audioek

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 21a, 08:57

Bideoetako audioak ikertu dituen poliziak epaileari esan zion emakumeari hiru aldiz entzuten zaiola kexuka. Bost akusatuek "tonu inperatiboa" erabiltzen dute emakumearekiko, gaineratu zuen. 

Bideoetako audioak ikertu ditu polizia agente batek. Guztira 7 grabazio dira eta 96 segundu. 60 orduz aritu da horiek xeheki aztertzen eta ondorio argia atera du: emakumeak ez du hitz erdirik esaten eta entzuten zaion bakarra da, hiru aldiz, minak eragindako hasperena egiten. Akusatutako bost gizonen artetik biren teléfono mobilek egin zituzten bideo grabazioak, eta horien audioak dira aztertu dituenak atzo deklaratu zuen poliziak. Ondorio horiek aterata, bost gizonek epaiketaren lehen egunean epaileari esandakoa gezurtatu egiten dute: eurek esan zuten emakumeak onartutako sexu-harremana izan zela eta emakumea ez zela bortxaketa horretan aginduak ematen zituena.

“Emakumeak bere bizitza berregiteko eskubide osoa du”, nabarmendu zuen atzo epaiketaren zazpigarren egunaren ostean biktimaren abokatuak. Carlos Bakaikuak esan du “etxean, txoko ilun batean, deus egin gabe eta depresio batean erortzea” oso arriskutsua eta larria litzatekeela. Hala, akusatutako gizonek ordaindutako detektibeak aurkeztutako frogei erreferentzia egin die. Uste du defentsarako abokatuak egunerokoan bizitza berregitea dela gertatu beharrekoa halako kasuetan.

Psikologoek hartuko dute hitza gaur

Peritu judizialek aztertutako proba sikologikoen inguruan ariko dira epaiketaren zazpigarren egun honetan. Bihar bortxaketa egiteaz akusatuta dauden bost gizonek deklaratuko dute epailearen aurrean. Errugabetzat joko dituzte euren buruak, aldaketarik ezean, esanez, onartutako sexu harremanak izan zirela iazko sanferminetan etxabe batean egindakoak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!