Txoborro eta Tor magoek 'Aztikeriak' ikuskizuna aurkeztuko dute bihar

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 3a, 08:19

Sanduzelaiko Civivoxean izanen da haurrendako euskarazko programazioaren barruan. Bi saio egingo dira, 12:00etan eta 18:00etan, eta sarrerak online zein Civivoxean bertan eros daitezke, 3 euroan.

Txoborro eta Tor magoek Aztikeriak ikuskizuna aurkeztuko dute larunbatean, bi saiotan, Sanduzelaiko Civivoxean, Iruñeko Udalak antolatzen duen haurrendako euskarazko programazioaren barruan. Saioak 12:00etan eta 18:00etan izango dira, eta sarrerak 3 euroan salduko dira. Sanduzelaiko Civivoxean bertan zein online eros daitezke, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan.

Zer gertatuko litzateke mago batek, loak hartuta, bere ikuskizunera joatea ahaztuko balu? Hori da ikuskizunaren abiapuntua. Txoborro eta Tor magoak dira magia eta antzerkia bat egiten diren ikuskizun honen protagonistak, hartara sortuta unibertso magiko bat non antza ezerk ez duen zentzurik. Karta-joko, desagerpen, asmakizun eta bestelako balentrien artean, neurri handiko eskapismo-saio bat egingo dute, baita ikusleren bat lebitarazi ere. Saioa 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.

Akelar 2012an sortu zen, bi mago horien elkarlanetik. Taula gainean bi mago izatean irekitzen diren aukera zabalak esploratzeko asmoarekin sortu zen, bi magorekin eragin handiagoko efektu magikoak lortu baitaitezke, baita saio ikusgarriagoak ere. Akelarrek era guztietako magia-ikuskizunak zein -zerbitzuak diseinatu eta ekoizten ditu, proiektu guztietan sormena eta berrikuntza nagusi direlarik. Biek eskarmentu handia dute hala ikusleen aurrean nola beste agertoki batzuetan, telebistan adibidez, non parte hartu baitute hainbat proposamenetan: Txoborro ETBko Magoak saioko gidoilaria da, eta Tor, ETBk egunero ematen duen 3txulo haurrendako saioan agertzen da, trukoak egiten. Halaber, maila nazionaleko beste telebista kate batzuetan parte hartu dute, hala nola Antena 3en eta La1n, erkidegokoetan –Canal 4 Navarra–, zein tokikoetan –Hamaika Telebista, Telebilbao, BizkaiaTV eta Tele7–.

Larunbateko emanaldiaren ondoren, Iruñeko Udalaren haurrendako euskarazko programazioa azaroaren 18an itzuliko da, larunbatarekin, 18:00etan, Iturramako Civivoxean, beste bi saiorekin. Amaia Elizagoienek eta Olaia Inziartek Itoitz. Urpeko ipuinak antzeztuko dute, musika, ipuin-kontaketa eta bertsoak uztartzen dituen ikuskizuna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!