Ikastolen aldeko jaia lehen aldiz Nafarroan Altsasun antolatu zuten. Eta heldu den urtean laugarren aldiz antolatuko du Iñigo Aritza ikastolak jai hori. Agerraldian, hauxe nabarmendu dute:
Urriaren 15ean, Lesakan, Iñigo Aritza ikastolakoek gogotsu jaso genuen 2018ko Nafarroa Oinez
ikastolen festa erraldoia antolatzeko ardura, bizipozez. Lekuko hori mendiz mendi ilusioz
gainezka Lesakatik Altsasura ekarri zuten gure mendi korrikalariek, aldi berean ikastolako
gurasoak, ikasle ohiak eta gertukoak direnak, lau etapako lau etapako ibilbide gogor eta eder
horretan hainbat bidelagun zituztela. Lekukoa eskuan, erronka bizia dugu aurrez aurre.
Lau herri, 369 ikasle
Iñigo Aritza ikastola lau herriz osaturik dago: Ziordia, Olazti, Altsasu eta Urdiain. Egun Iñigo
Aritza ikastolak 369 ikasle ditu: 39 0-3 zikloan, 68 Haur Hezkuntzan, 152 Lehen Hezkuntzan eta
110 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.
Proiektua sortu zenetik Iñigo Aritzak oso argi izan du zein den bere helburua, euskara eta
euskal kulturaren aldeko etengabeko proiektua bultzatzea da, herritik sortua eta herriarentzat.
Euskal herrian hain gurea dugun kooperatibismoan oinarrituz eta solidaritate, auzolana eta
elkarlaguntza bultzatzen duen proiektua du xede.
Laugarren Oineza. Zergatik?
Urteak aurrera egin eta ikastolaren proiektuak bere horretan jarraitzen badu ere, gure
ibilbidearen hasieran sortutako azpiegiturak zaharberritze baten beharrean daude. Horixe da
besteak beste, aurtengo helburuetako bat. Hori eta gure hezkuntza eredua sendotzen eta
zabaltzen jarraitu, ikastolan eta kalean, euskara eskolan bai baina kalean ere ezaguna eta
erabilia izan daitezen. Lehendabiziko Nafarroa Oineza Altsasuko ikastolak eta Etxarri Aranazkoak antolatu zuten elkarlanean, 1981. Urtean.
Etxarri Aranatzek eta Altsasuk ikastola bana sortu ostean, 1993. Urtean, Iñigo Aritza ikastolak
antolatu zuen bere bigarren Nafarroa Oinez festa. Gaur egun ikastolako gure ikurra den txoria
orduko Nafarroa Oinezerako diseinatu zen. Eta 2005ean Iñigo Aritza ikastolak berriro ere Nafarroako ikastolen festa erraldoia antolatu zuen, Oinknez! leloarekin. Orain, 2018ko urriaren 21ean Nafarroa Oinez festa antolatzeko erronka dugu aurrean.
Erronka berria, inklusiboak izan
Aurten erronka berri bat dugu eskuartean Nafarroa oinez INKLUSIBOA egitea.
Zer esan nahi du horrek? Beno ba urteak dira gure ikastolak inklusibitatearen aldeko apustua
egin zuela, pertsona guztientzako kalitatezko hezkuntza baten bidean eta ikasleen aniztasunari
arreta jarriz.
Oraingoan ikastola espazio fisikotik atera eta aisialdian benetako pausu kualitatibo bat
emateko erronka abian dugu. Honela, Oinez inklusibo bat diseinatu eta garatzeko apustua
egiten dugu. Gaurtik hasi eta egingo ditugun ekitaldi eta jarduera guztietan inklusiboak izaten
ahaleginduko gara, hori da gure apustua eta gure erronka.
BIZI, leloa eta logoa
“BIZI” da gure leloa, lelo laburra eta ausarta, gure ustez indar handia duena, alaia, irekia eta
positiboa. Ilusioa, indarra eta gogoa adierazten du bote-prontoan, eta, hain zuzen ere, leloak
duen zabaltasuna da bere indar nagusiena. Izan ere, “BIZI” hitza gutako bakoitzak sentimendu,
bizipen edota ideia batekin lotzen du; ez du, zertan, berdina izan behar. Horregatik, jende asko
leloarekin identifikatua sentituko dela uste dugu eta hori da bilatu nahi izan duguna.
Logoan berriz, elementu zentrala lorea da, baina lore horren eraikuntzan Iñigo Aritza
ikastolaren eta Oinezaren hainbat zutabe ikusi ditzakegu. Lehenik, BIZI leloarekin lotura zuzena
duen bihotza ikusi dezakegu, lorearen petaloek itxura hori baitute. Bigarrenik, 4 bihotzez
osaturiko lorea da, Iñigo Aritza osatzen duten lau herriak irudikatu nahi ditugulako: Urdiain,
Altsasu, Olazti eta Ziordia.
4 herri hauekiko erreferentzia gisa ere erabili ditugu 4 kolore desberdin logoan zehar.
Hirugarren, petaloak zirkulu batean elkartzen dira, zirkulu batek lotzen ditu. Izan ere, gure
ikastola elkarlanean dagoen komunitate baten gisara irudikatzen dugu, hainbat sektorez
osatua: ikasleak, gurasoak, irakasleak, gainontzeko langileak… Denok elkarloturik gure
helburuak lortzeko.