Iritsi da, ohi baino beranduago, 2017ko Bertsoaroa. Azaroaren 9an hasi eta abenduaren 2ra arte, zortzi emanaldi jasoko ditu Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako zikloak. 1991. urtean abiatu zen lankidetza hori, bertsolaritza Iruñean sustatu eta kalitatezko emanaldiak eskaini asmoz, eta elkarlan horri eustearen fruitu da gaur aurkeztutako Bertsoaroa berria ere.
Ohi bezala, bertsogintza ardatz duten askotariko emanaldiak bilduko ditu aurtengo proposamenak ere; zortzi saio izango dira guztira. Aurreko urteetan bezalaxe, punta-puntako bi bertso jaialdi izango dira, eta baita bertsolari gazteei eskainitako saio bat ere. Gainera, literatura, musika eta bertsoa uztartuko dituen emanaldi berezi bat, haurrentzako emanaldi bat, dokumental baten proiekzioa eta kontzertu bat izango dira Bertsoaroan. Abenduaren 2an, gainera, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa. Saio horrek emango dio bukaera borobila aurtengo egitarauari.
Bertsoaroak, bertsolaritza Iruñean zabaltzeaz gain, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei bultzada emateko xedea du, kalitatezko zikloa ikusgarritasunerako plaza gisara baliatuz.
Honakoa da aurtengo Bertsoaroaren egitaraua:
BERTSO-SAIOA
Azaroak 9, osteguna. 20:00
Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusia
Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Eneko Lazkoz, Ander Fuentes ‘Itturri’, Sustrai Colina eta Onintza Enbeita.
Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo
EMANALDI BEREZIA. ‘Kafkaren aulkia’
Azaroak 14, asteartea. 19:00
Civivox Kondestablearen Jauregiko Patioa
Bertsolariak: Andoni Egaña eta Uxue Alberdi
Musikaria: Pello Ramirez
Idazlea: Iñigo Astiz
BERTSO-SAIOA
Azaroak 16, osteguna. 19:00
Civivox Kondestablearen Jauregiko Patioa
Bertsolariak: Aroa Arrizubieta, Joanes Ilarregi, Patxi Castillo, Eli Pagola, Maialen Akizu eta Josu Sanjurjo.
Gai-jartzailea: Fernando Anbustegi
HAUR BERTSOAROA. 'Itoitz. Urpeko ipuinak'
Azaroak 18, larunbata. 12:00 eta 18:00
Civivox Iturrama
Aktorea: Amaia Elizagoien
Musikaria: Olaia Intziarte
BIDEO EMANALDIA
Azaroak 21, asteartea. 19:00. ‘Mundu bat ahoz aho’
Civivox Kondestablearen Jauregiko areto nagusian
Hizlaria: Beñat Gaztelumendi
BERTSO-SAIOA
Azaroak 23, osteguna. 20:00
Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusia
Bertsolariak: Amets Arzallus, Igor Elortza, Julio Soto, Alaia Martin, Xabi Maia eta Saioa Alkaiza.
Gai-jartzailea: Maider Ansa
KONTZERTUA. ‘Bi bala’
Azaroak 28, asteartea. 20:00
Terminal taberna
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIKO AZKEN FINALAURREKOA
Abenduak 2, larunbata. 17:00
Anaitasuna kiroldegia