Azaroaren 5ean amaituko da Egile Berriendako Euskarazko Literatur Lehiaketara aurkezteko epea

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 30a, 08:26

Lehen hiru sariek 2.500 euro joko dute; bigarrenek, 1.000 euro; hirugarrenek, 500 euro; eta lau aipamenek, 250 euro.

Azaroaren 5ean amaituko da Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berriendako Euskarazko Literatur Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Lehiaketa honen XXVII. edizioan, hiru modalitate daude: poesia, narrazioa eta bertso-paperak (bertsoak idatzita aurkeztu behar dira, bertsolaritzaren formazko arauekin bat). Hiru sari daude modalitate bakoitzeko, eta aurkeztutako lan guztien artean banatuko diren lau aipamen. Lehen sariek 2.500 euro joko dute; bigarrenek, 1.000 euro, eta hirugarrenek, 500 euro. Lau aipamenek 250 euroko saria dute, aipamen bakoitzeko. Sariak ex-aequo eman ahalko zaizkie zenbait lani, halako eran non saria egile horien artean hainbanatuko baita.

Lehiaketan nafarrak diren edo helbidea Nafarroan duten egileek parte hartu dezakete. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake modalitate bakoitzeko; gaia librea da, euskaraz idatzita egon behar du eta jatorrizkoa izan. Haien izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izanen dute parte hartu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Halaber, aurretiaz bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.

15 orrialde edo 25 ahapaldi, gutxienez

Aurkeztutako lanen ezaugarri teknikoei dagokienez, poesia eta narrazio laburren kasuan lanak gutxienez 15 orrialdekoak izango dira, betiere tarte bikoitza utzirik eta alde batetik bakarrik mekanografiaturik. Bertso-paperek gutxienez 25 bertso-ahapaldi izanen dituzte, elkarrekin batasuna osatzen duten gai ezberdinak gara daitezke, betiere, bertsolaritzaren arau formalak betez.

Lanak Udalaren erregistroetan aurkeztu behar dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako tokietan. Lan bakoitzaren bosna kopia aurkeztu beharko dira, izenorde batez sinaturik, zein modalitatetara aurkezten den adieraziz. Kopia horiekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, non sartuko baitira kasuan kasuko izengoitiari dagozkion egilearen datuak: izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

Epaimahaiko presidente Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria izanen da. Berarekin batera hiru literatur aditu egongo dira, horietako bat, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta.

Egile berriendako euskarazko XXVII. Literatur Lehiaketa

  • Lanak aurkezteko epea: azaroaren 5era arte
  • Modalitateak:
    • Poesia (gutxienez 15 orrialde, tarte bikoitzaz idatzita)
    • Narrazioa (gutxienez 15 orrialde, tarte bikoitzaz idatzita)
    • Bertso-paperak (gutxienez 25 ahapaldi)
    • Sariak: hiru sari modalitate bakoitzeko, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak. Sari horiez gain, epaimahaiak lau aipamen eman ahalko ditu gehienez ere, bakoitza 250 eurokoa, zein modalitatetan aurkeztu diren kontuan hartu gabe.
    • Parte-hartzaileak: egileek nafarrak izan beharko dute, edo helbidea Nafarroan finkaturik eduki. Haien izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izanen dute lanik aurkeztu (ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo literatur kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere). Aurretiaz bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.
    • Obrak: lanen gaia librea izanen da, euskaraz idatzita egon behar dute, eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan. Egile bakoitzak lan bakar bat aurkeztu ahalko du, modalitate bakoitzean.

Lanak non aurkeztu: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia, 2), erregistro osagarrietan edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak aurreikusten dituen beste edozeinetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!