Azken unera arte aritu dira Geroa Bai eta EH Bildu sindikatuekin negoziatzen. Gehiengoa duten APF eta CSIF/SPF sindikatuekin aritu dira lanean. Bi sindikatuek euren afiliatuak batzarrera deituak zituzten atzo arratsaldean Iruñean eta Tuteran, proposamenari buruzko iritzia eman zezaten. Emaitza estuek denak airean utzi dute: APFren kasuan, baiezkoak irabazi zuen argi: 159 baiezko, 82 ezezko, 2 abstentzio, bi baliogabe. SPFren kasuan, berriz, ezezkoak: 111 boto aurka, 60 alde eta 7 abstentzio. Biak batuta, afiliatuen %52k alde bozkatu dute, eta %46k aurka.
Orain, Polizien Legea aurrera ateratzea Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren esku dago. Bi alderdiok hasieratik argi utzi dute gehiengo sindikalaren akordioa beharko dela lege proiektuak aurrera egin dezan. Gaur bozkatuko dituzte proiektuaren aurkako osoko zuzenketak, eta haien jarrerak balantza alde batera edo bestera eramango du.