Bazterketarekin amaitzeko beharra ezinbestekoa da eta berehala buelta emateko beharra dago. Horixe esan du Uxue Barkos Lehendakariak Euskara Administrazioan Arautzeko Dekretuaren inguruan. "Orain arte zergatik ez da deus ere egin?, hori beharko luke galdera, eta ez ordea, zergatik ematen diogun Fekretu berriaren bidez euskarari dagokiona", esan du Barkosek.
Legealdia hasi eta berehala lantzen ari dira Euskara Administrazioan Arautzeko Foru Dekretua. Gizarte eragile, alderdi politiko, euskalgintzako sektoreko taldeekin eta herritarrekin oro har osatutako dekretua dela gogorarazi du Lehendakariak. Nafarroako Parlamentuan izan da azalpenak ematen hala eskatua baitzuen alderdi sozialistak. Izan ere, duela aste batzuk Nafarroako Kontseiluak Foru Dekretu hori aztertu eta ateratako emaitzetan guztiz ados ez zetorrela adierazi zuen. Foru Dekretuaren zenbait arauk legea ez zutela betetzen ondorioztatu zuen Kontseilu horrek, boto partikular bat ere tarteko. Ondorio horiek ateratzea larria iruditu zaio alderdi sozialistari eta horregatik izan da gaur Barkos azalpenak ematen.
"Nafarroako Kontseiluak ohartarazi egin du Dekretuan zenbait puntuk legea ez betetzea ekar dezaketela. Baina hori ez dela inola ere Dekretuarekin atzera egiteko eskaerarik izan", esan du Barkosek.
Euskal hiztunei euren eskubideak ziurtatzeko
Hezkuntzan aritzen ez diren 16.000 funtzionario ari dira lanean Nafarroako administrazioan, horietatik 160 plazak baino ez dute euskara kontuan hartzen. "Hizkuntza bat gehiago jakitea meritu den bitartean, euskara jakitea ez da hala Nafarroan. Gutxietsia izan da orain arte eta onartezina da hori", esan du Barkosek. Orain arte euskara jakitea baztertzailea zela ere gogorarazi du.
Bide beretik, orain arte zenbait alderdi politikok egin duten baieztapena ere gezurtatu egin du Barkosek: "Ez da egia euskara ez dakienak ezinen duela administrazioan lanik egin".
Euskarafobiatik planifikaziora
Azken inkesta soziolinguistikoaren datuek diote 88.000 nafar direla euskaradunak eta beste 55.000 euskaldun pasiboak direla. Gazteen kasuan lautik bat da euskalduna. Euskara dakiten herritarrak gero eta gehiago dira, baina, modu berean ez du legeak jardun.
"Orain arte dekretu murriztaileak izan dira abian Nafarroan. Herritarrek eskatzen dutenetik urrun dauden arauak izan dira. Aurrera egin ordez UPN Gobernuan izan denetan atzera egin da euskararekin", euskarafobiaz mintzatu da Barkos.
"Orain bilatzen dena da euskarari babes handiagoa ematea, euskara sustatzea eta herritarrei zor zaiena, administraziotik ere ematea", esan du. "Planifikazio bat egon behar da euskararekin. Eta hori guztia kontuan hartuta Nafarroaren errealitate soziolinguistikoa", ziurtatu du.
Euskararen Legea aldatzeko gehiengorik ez oraindik
Dekretua kritikatua izan da. "Ez da denen gustokoa", onartu du Barkosek. "Batzuei gehiegizkoa iruditzen zaie, beste batzuentzat motz gelditzen da". Euskararen Legea bera aldatuta erraztasun handiagoz jardungo liratekeela uste du berak:"Nik Euskararen Legea aldatuko nuke, baina ez dugu hori ahalbidetuko duen gehiengorik".
Euskaldunen eskubideak betetzera jo behar dela uste du Barkosek eta horretarako bidea Euskararen Dekretua dela esan du gaur gaurkoz. Nafarroako Kontseiluak emandako aholkuak, egindako ohartarazpenak aztertzen ari dira dagoeneko Gobernuko zerbitzu juridikoak eta Euskarabidea.