3 kilometro eta erdiko ibilbidean jendetza ibili da, eta baita ikuskizunetarako prestatutako lau guneetan ere. Aste osoko eguraldi eguzkitsuari igandeko haizego epelak eman dio segida. Eguraldi paregabea, beraz, paseoan ibiltzeko, eta ikuskizunetan parte hartzeko. Hainbertzeko jende oldea izanik, eguerdi partean ilarak sortu dira herritik kanpoko aparkalekuetatik zirkuitora eramaten zuten autobusak hartzeko, baita arratsaldean ere, zirkuitotik aparkalekuetara joateko ere. Nafarroa Oinezek barkamena eskatu nahi die esperoan egon behar izan dutenei eta aldi berean eskerrak eman erakutsi duten pazientziagatik.
Arrakastatsua izan da, baita ere, Nafarroako ikastoletako ikasleek jokatu duten Erronka. Urtetik urtera indarra hartzen ari den jarduera da eta gero eta ikusle gehiago biltzen duena. Lehenbiziko saria Zangotzako ikastolak eskuratu du (1.000 euro ikastolarako materialean); San Fermin A ikastola izan da bigarren (600 euro) eta San Fermin B hirugarren (400 euro). Rural Kutxak sustatutako bideo lehiaketan Altsasuko Iñigo Haritzak eskuratu du lehen saria (600 euro), Baztan Ikastolak bigarrena (400 euro) eta San Fermin Ak hirugarrena (200 euro).
Oraindik egunean bildutako dirua zenbatzea, eta atera beharreko kontu ekonomikoak egin gabe dauden arren, antolatzaileek lortu den arrakasta azpimarratu dute, bai inguratu den jendetzarengatik, eta baita besta eguna normaltasunez igaro delako ere.
Modu berean, Tantirumairu ikastolako antolatzaileek, eskerrak eman dizkiete Lesakara hurbildu diren pertsona guztiei, elkarrekin euskarari eta ikastolari bultzada emateagatik. Eta bereziki eskerrak eman dizkiete Lesakara lanera eta Nafarroa Oinez arrakastatsua izan dadin laguntzera joan diren ehunka boluntarioei.
Lesakatik Altsasura
Bukatu da Nafarroa Oinez 2017, eta hasi dira Altsasun heldu den urtekoa prestatzen. Horretarako lekuko Lesakatik Altsasura oinez eramateko asmoa dute datozen asteetan Iñigo Aritza ikastolakoek.