Lesaka 'Bikin bat in' ospatzeko prest

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 6a, 12:58

>Urriaren 15ean izanen da Nafarroa Oinez. 3 kilometro eta erdiko ibilbidean lau gune kokatuko dira.
>Tantirumairu Ikastola txiki geratu eta eraikin berri bat ondoan eraikitzea da helburua.

Ate-joka dugu egun handia: urriaren 15ean, igandean, ospatuko du Lesakako Tantirumairu
Ikastolak 2017ko Nafarroa Oinez besta. Azken prestaketa lanetan ari dira auzolanean
herritarrak ibilbide erraz bezain atsegina atontzeko. Udalerriaren goikaldean kokatuko da eta 3
kilometro eta erdiko luzera izanen du, Lesakako industria eremutik nahiz baserri inguruetatik
pasatzeko. Herriaren beraren isla. Bidean 4 gune topatuko ditu bisitariak (Arratzubi, Bertizenea, Biurgarai eta Uhartea) eta adin ororentzako moduko programazioaz gozatu ahal izanen du: kontzertuak, ostalaritza zerbitzua, bertso saioak, herri kirolak... Guztia Lesakako Tantirumairu ikastolak bertze erakin berri bat eraiki ahal izateko. Leloak berak ere horixe erran nahi baitu Lesakako ahozko hizkeran: bi eraikinekin ikastola bat osatu nahi du Tantirumairuk, bikin bat in. Hala iragarri dute gaur goizean prentsaurrekoan Amaia Lasheras Tantirumairu Ikastolako presidentea, Aitor Iratzoki ikastolako zuzendariak eta Josu Reparaz NIEko buruak.
Eraikin berri baten premian 1974an zabaldu zituen ateak Lesakako Tantirumairu Ikastolak 7 ikaslerekin. Ez zuten ez leku ez baliabide egokirik ere, baina gurasoen eta irakaslegoaren bultzadarekin aitzinera jarraitu zuten.


1988an Nafarroa Oinez egin zen herrian lehenengo aldiz eta Otxogorrienea izeneko etxea
moldatu ahal izan zen. Egungo 101 ikasleentzat, ordea, eskas gelditu da eta eraikin berri baten
premian bigarrenez Nafarroa Oinez antolatzea erabaki du Tantirumairu Ikastolak. Egungo
eraikinak ez baitu zabalkuntzarik onartzen.Hain zuzen ere, hauek dira egungo behar zehatzak: Jangela handiagoa behar da erosotasunez ikasle guziei bazkaria eman ahal izateko; laborategi bat; hezkuntza premiak dituzten haurrekin lan bereziak egiteko gela; talde bikoiztuak banatzeko gelak; eta bulegoak (xehetasunak
dosierrean).


Baliabide horiekin ikaslea erdigunean kokatzen duen pedagogia berritzailearekin jarraitzeko
bidea izanen luke ikastolak, eta batez ere, euskal kulturaren transmisioa gauzatzen segitu ahal
izanen luke, Lesakako Nafarroa Oinezen asmoa horixe baita: Euskararen presentzia eta
garrantzia aldarrikatzea Nafarroa osoan; Tantirumairu ikastolan auzolanean lanean segitzea,
belaunaldiz belaunaldi gure hezkuntza proiektu propioa garatzeko Euskal Herriko gainontzeko
ikastolekin batera; eta Lesakar eta Bortziritar guztiak euskara eta euskal kulturaren inguruan
batzea.Horregatik, bisitariari ere auzolanean aritzeko deia luzatu nahi dio Tantirumairu Ikastolak. Bestan ere laguntzeko jendea behar baitu Nafarroa Oinezek, eta izena eman ahal izateko webgunean atal berezia du zabalik.


Kanpoko gurasoei eta IKAri omenaldia
Euskal Herri kanpotik Lesakara etorri eta euren seme-alabak ikastolara eramatea erabaki zuten
12 familia omenduko ditu aurten Lesakako Tantirumairu Ikastolak Nafarroa Oinezen
(dosierrean xehetasunak). Esker ona adierazi nahi die eguerdian Harriondoa Kultur Etxean
eginen den ekitaldian. Gainera, NIEK hala erabakita, IKA euskaltegi sareak ere jasoko du bigarren omenaldia euskalduntzean egindako lana txalotzeko. Horretarako, IKA ko kide eta euskaltzale sutsua den Sagrario Aleman izanen dugu omenaldian. Harekin batera Bortzirietako IKAko bi kide izanen dira; izan ere, urteak daramatzate gure eskualdean euskara sustatzen.


Ekitaldi horretan ere Txikiak Handi manifestua sinatuko dute Aran bailaratik etorriko diren
kideek. Izan ere, Nafarroa Oinezen Txikiak Handi ekimenak aurten Araneko Alejandro Casona
ikastetxearekin eraiki du zubietako bat eta araneraren eta euren kulturaren aldarrian sinatuko
dute Lesakan hitzarmena (xehetasunak dosierrean). Alide Sans eta Paulin Courtial Araneko
musikariek ere emanaldia eskainiko dute Lesakan.


Musika nonahi eta zeliakoentzako eskaintza berezia

Goizeko hamarretan eginen du eztanda Nafarroa Oinezek. Ikastolan eginen da irekiera ofiziala
100 lagun eta ordezkarirekin eta guneetan programazioa martxan paratuko da. Urte guzian
zehar memoria eta sormena landu dugunez, besta egunean ere ardatz izanen da hori. Errate
baterako, Oreka Tx eta Brun burdinola taldeak izanen ditugu gure artean, toberak eta burnia
izan direlako Lesakako Nafarroa Oinezen urte osoko ikur.


Musika eskaintza, baina, ugaria bezain anitza izanen da. Gure eskualdeko taldeek ezin zuten
huts egin: Petti, Borrokan eta Kalera taldeak izanen ditugu. Eta horiekin batera aski izen
ezagunak: ISEO&Dodosound, Bad Sound System, Xutik, Oihan Vega, Gabenra, Trikidantz…
Musikarekin batera badira bertze hainbertze ekimen. Bertso saioak, haurrentzako emanaldi
ugari, Larraindantza, herri kirolak, zumba, Erronka (egunean propio jokatzen den ikastolen
arteko lehia)... Adin orotarako moduko programazioa. Guzia, gainera, mugikorrean
kontsultatzeko moduan, Euskaltelek eskainiko baitu debaldeko programazioaren app-a.
Aipatu ere aurten lehen aldiz zeliakoentzako janaria eskainiko duela Nafarroa Oinezek 2.
gunean. Postu berezia kokatuko da talogileekin batera eta zeliakoentzako egokia den janaria
prestatuko dute.


Gainera, zigarroen puntak botatzeko zakarrontzi bereziak egonen dira guneetan, eta
bidean zehar eta erretzaileei bertan botatzeko eskaera egin nahi zaie.
Azkenik ere, ez genuke aipatu gabe utzi nahi LILA PUNTUA. Genero eraso nahiz
bertzelako generoari lotutako arazoei behar bezalako erantzuna emateko gunea da.
Horrelako gertakarien aitzinean, berehalako erantzuna ematea hagitz garrantzitsua da,
eta lila puntuak horretan lagun dezakeela sinesten dute antolatzaileek. Bidenabar,
bertze behin ere oroitaraziz: ez beti ez dela. Baita Nafarroa Oinezen ere.


Trafikoa plan berezia
Lesaka bailara estu batean dago kokatuta. Horregatik, espazio eskasia kontutan izanik, garraio
publikoa erabiltzearen aldeko deia luzatu nahi du Tantirumairu Ikastolak.
Dena den, urtero bezala aparkalekuak egokituko ditu ikastolak herri kanpoaldean eta ondoko
herrietan. Horietatik ibilbidera joan ahal izateko autobusak ere paratuko ditu. Beraz, nahiz eta
ibilbidetik urruti aparkatu, bisitariak ez du inolako arazorik izanen besta gunera hurbiltzeko.
Gainera, furgonetentzako eta autokarabanentzako aparkaleku bereziak atonduko ditu
ikastolak herrian bertan. 4X4ko kotxeentzako aparkalekuak ere egokituko dira.
Bizikletaz ere etorri nahi dutenek aukera: Harriondoa Kultur Etxearen ondoan bizikletentzako
gunea paratuko baita eta hor utzi ahal izanen dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!