Urriaren 19ra arte aukera dago oraindik Gobernua babesten duten bi alderdiekin adostasunetara iristeko. Hala uste dute Geroa Bai eta EH Bilduk. Alegia, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra konbentzitzen saiatuko dira ez dezaten osoko zuzenketarekin aurrera segitu eta onartu dezaten Polizien Legea nahi zego atalkako zuzenketekin beraiei egoki zaiena egokitu eta hobetzeko.
Azken egunetan, gobernuak zein Geroa Baik eta EH Bilduk ohartarazi dute legea ez onartzeak Foruzaingoaren etorkizuneko bilakaera baldintzatu dezakeela eta atzerakada eragin. Nafarroako Gobernuak aurretik ohartarazi du egungo egiturarekin Foruzaingoak ezin duela urte osoan zerbitzu bera eskaini eta are gutxiago funtzioak zabaldu. Adibidez, kirol ekitaldi gehienetan, Espainiako Poliziaren eskuetan utzi behar izaten dute segurtasuna. Horregatik, Maria Jose Beaumont Barne kontseilariak bultzatutako lege proiektuak beste modu batera antolatu nahi ditu egungo lanaldi konpentsazioak.
Foruzaingoaren Plan Zuzentzailea
Polizien Legearen osoko zuzenketak eztabaidatuko diren egun berean aztertuko dute Foruzaingoaren Plan Zuzentzaile berria ere. Txostenak Foruzaingoaren egungo egoeraren diagnostikoa egiten du, eta etorkizuneko polizia ereduari begira hiru jokaleku aurreikusi. Gobernuak parlamentura igorri du, eta osoko zuzenketaren bozketa egunean eztabaida monografikoa eginen da.