'Tripontzia Urteberriko Saria' aurkeztu dute Gure Esku Dagok eta Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 26a, 12:50

60.000 euroko sari nagusia eta 6.000 euroko zazpi banatuko dira urtarrilean. Euskal Herri osoan egongo da salgai.

Tripontzia Urteberriko Saria aurkeztu dugu gaur goizean Gure Esku Dagok eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Bilboko Kafe Antzokian. Paul Bilbao eta Angel Oiarbide Kontseiluko eta GEDko bozeramaileek azpimarratu dute epe luzera begirako proiektu honekin “eredu berri bat” sortu nahi dela. Hain zuzen, lurraldetasuna eta euskal komunitatea bere osotasunean aintzat hartzen duen formatu honetako lehen zozketa da. Billeteen diseinuan ere ikus daiteke hori, zenbaki bakoitzeko zortzi serie, eta euskal lurraldetasunari lotutako zortzi ilustrazioetan.

Ekimen berri hau irekia eta bateratzailea izateko anbizioarekin jaio dela azaldu dute bi bozeramaileek. Eta, aurrera begira, eragile gehiagok bat egiteko aukera zabalik dagoela gehitu dute.

Zenbaki eta serie irabazleak 60.000€ jasoko ditu eta zenbaki bereko gainontzeko zazpi serieek, bakoitzak, 6.000€. Nabarmendu dute gainerako sari potoloen aldean, irabazteko aukerak handiagoak direla, baina, bereziki, indarra eman nahi diotela bertakoa izateari, “gurea”, euskal herritarron zozketa izateari.

Euskal Herri osoan egongo da salgai Tripontzia, saltokietan, tabernetan nahiz kalean, 5 euroan. Jada herri gehienetan dago martxan eta aste gutxian bazter guztietara iritsiko da.

Tripontzia Urteberriko Saritik jasotako dirua Gure Esku Dago eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua erakundeak finantzatzeko erabiliko da, erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak eta Euskal Herrian euskararen normalizazioa bideratu eta bizkortzeko egitasmoak laguntzeko, alegia.

Bada zerbait irabazteko garaia lelopean kanpaina jarriko dute martxan gaurtik hasita.www.tripontzia.eus webgunean argitaratuko dute ekimenaren inguruko informazio guztia,www.gureeskudago.eus eta www.kontseilua.eus webguneetan eta baita ekimeneko zein bi eragileen sare sozialetan ere. Azalpen bideoa ere aurkeztu dugu eta hori hedatzen laguntzeko deia egin nahi dizuegu. Horrekin batera, Twitterren #Tripontzia  eta #IrabaztekoGaraia traolak erabiltzeko deia egiten dizuegu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!