2002. urtean sortu zen Aralar alderdi politikoa. Patxi Zabaleta izan zen koordinatzaile nagusia. Egun, helburuak beteta dituztela iritzita alderdia desegitea proposatu du zuzendaritza taldeak. Hala eginen du heldu den kongresuan, abenduaren 2an. Izan ere, orduko xede nagusiak bete direla uste du: "ezker abertzale zibil eta zabalaren sorrera, ETAren borroka armatuaren bukaera, eta bakea eta giza eskubideak politikagintzaren oinarri bezala aitortzea eta ezker abertzalearen barne demokrazia".
Aralarren zuzendaritzak ibilbide honetan egindako lana eta fruituak eskuratuta ikusten ditu, uste du orain "tresna" EH Bildu dela, eta, hala, alderdia desegitea proposatu du.
Hamabost urteko ibilbideari etena
2000ko hamarkada hasieran Batasuna prozesuan ildo modura eratu zen Aralar, eta, gero, ezker abertzale ofizialarekin desadostasun estrategiko handiak zituztela medio: "borroka armatuaren arazoaz edo barne demokraziaz", alderdia sortzea erabaki zuten. 2002ko ekainaren 22an eta 23an egin zuen Aralarrek biltzar eratzailea.