Ez ohiko Mahai eta Eledunen batzarra izan da gaur NafarroakoParlamentuan. Espainiatik iritsi diren mezuak, iritsi diren “erasoei” erantzuteko bildu dira gaur batzarrean.
Espainiako Kontuen Auzitegiak uztailaren hasieran, eta ez lehenengo aldiz, Uxue Barkos Lehendakariari egin zion eskaera. Nafarroako Foru Gobernuaren datu ekonomio eta finantziarioen berri izan nahi zuen, txosten ekonomikoak eta finantzari dagozkionak izan nahi ditu, kontuen ikuskaritza egiteko.
Joan den martxoan izan zen Espainiako Kontuen Auzitegiak eskaera hori egin zuen lehen aldia, aurten behintzat. Eta erantzuna izan zuen: Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak argi utzi zien, Nafarroako kontuen ikuskaritza Kontuen Ganberak egiten duela, hala dagoelako hitzartuta Espainiako Gobernuarekin eta hala dagoelako legez jasota Nafarroako Amejoramenduan autogobernuari esker.
Erantzun horrekin kontent ez, eta uztailaren 4ko sinadurarekin Barkosek eskutitz berri bat jaso zuen. Eskera berberarekin. Eta, horren aurrean Gobernuak Aranbururen arrazonamenduarekin bat egiten du, baita Parlamentuak ere.
Adierazpena onartu dute gaur autogobernuaren defentsan. Aho batez atera da aurrera gainera, Gobernua babesten duten lau indarren aldeko botoekin eta baita oposizioko alderdien aldeko botoekin ere.
Bost puntuko adierazpena izan da.
- Nafarroako Kontuen Ganberarena dela kontuak eta finantzak ikuskatzeko eskumena, legean eta araudietan hala jasoa dagoelako eta autogobernua baliatzen duelako horretarako.
- Espainiako Gobernuak Nafarroakorekin badu hitzartuta eskumen hori Kontue Ganberari dagokiola, eta hala berresten dio Parlamentuak.
- Amejoramenduan adostutakoa gainditu egiten duela uste du Parlamentuak, ez dagokion arloan sartu delako.
- Aurreko zenbait kasutan gertatu bezala, Parlamentuak dei egiten die Espainiako Kontuen Auzitegiari eta Nafarroako Kontuen Ganberari elkarrizketa bidez irtenbide ematea arazo horri. Erakundeen arteko kolaborazioa da eskatzen dutena.
- Nafarroako Gobernuari eskatu dio, LORAFNAn jaso bezala, autogobernua babes dezala eta halako eskaera gehiago izanez gero Parlamentuari jakinarazi diezaiola beharrezkoak liratekeen neurriak hartu ditzan.
Bost puntuko adierazpen hori da aurrera atera dena, diogunez, aho batez.
Geroa Baiko Koldo Martinezek hain zuzen garrantzia eman dio horri, aho batez bat egin dutela autogobernuaren defentsan.
Bakartxo Ruizentzat beste behin Espainiak Nafarroak duen autogobernua suntsitu nahi izan du, oraindik ere gogoratu du 17 lege daudela errekurrituak. Inoiz baino gehiago, orain da unea Nafarroari dagokiona babestu eta indartzeko
Nafarroako Gobernuak ez du asmorik Espainiako Kontuen Ganberak eskatutako informazioa helarazteko. Aurretik, UPNren garaian ere halako eskaerak egin izan dizkiote Nafarroari, baina behin eskumen kontua azalduta, ez da gehiago izatera pasa. Oraingoan ere hala izatea espero dute.
UPNk uste du Espainiako Kontuen Auzitegiak hartu duen jarrera ez dela egokia eta talde erregionalista beti izanen dela Nafarroari dagokiona defendatzeko.