Nafarroako alderdi sozialistak heldu den hilaren 29an kongresua izanen du eta zuzendaritza berria irtengo da bertatik. Hautagaitza bakarra dago, Maria Chiviterena eta hortaz, berrikuntza askorik gabe babestuta irtengo dela uste du Chivitek berak.
Arlo politikoan, eta bi urte joan diren honetan aldaketa Nafarroan ezarri zenetik, uste du, 2019an alderdi sozialista izanen dela aldaketaren lidergoa eskuratuko duena. Posible ikusten du alderdi sozialistaren lidertza hori. Indartuta atera baita Espainia mailan PSOE eta horrek ere erakusten duelako Nafarroan ere indartua aterako direla sozialistak. Uste du gainera, bi urteotan ikusi dela, Gobernua babesten duten lau indarrak desgastea jasan dutela, eta horrek on egin dakiokeela alderdi sozialistari. Batez ere ahul ikusten duena, Podemos-Ahal Dugu da.
Eta, ezkerreko indarren arteko Gobernu bat ikusten du Chivitek, baina, norekin osatuko luke? Bada oraindik ez du argi utzi hori, baina, marra gorriak jartzekotan,alderdi popularrarekin jarriko lituzte eta baita Bildurekin ere, desberdintasun nabarmenak dituztelako alderdi horiekin bereziki:
Geroa Bairekin bere burua, sozialistena, hobeki ikusten ote duen galdetuta, esan du, geroa Baik gauzak ongi egin dituenean txalotu duela baina, beste alde batetik Espainiara begira jartzen da eta …
Bi urte pasa dira aldaketaren Gobernua Nafarroan ezarri zenetik. Gauza zenbait egoki ikusi ditu, aipatu du besteak beste Osasun arloan Sexu eta ugalketarako lege berria, baina, beste askotan hutsune nabarmenak ere bai. Hiru nabarmendu ditu:
Batetik, ekonomia arloan, azpiegituretan utzikeria sumatzen du. Ez bakarrik Abiadura Handiko Trenarekin gertatzen ari denarekin, baizik, errepideetan ere ez delako ia inbertsiorik egin adibidez, edo Noaingo aireportuan Madrilerako baino ez daudelako egazkinak.
Bestetik, hezkuntza. Kontseilari aldaketak ez du benetako aldaketa ekarri hezkuntza departamentura Chiviteren ustez. Ez da apusu garbirik egiten ikastetxe publikoen alde eta bereziki tematuta segitzen dute euskararekin.
Elkarbizitza arloan ere, asko poztu ziren sozialistak zuzendaritzaren sorrerarekin, Bake eta Elkarbizitzaren zuzendaritzarekin alegia, baina hortik aurrera ETAren biktimak ahaztuta dituztela iruditzen zaio. Memoria Historikoan egindako aurrerapausoak falta dira hurbileko memorian, esan du Chivitek.
Zuzendaritzan aldaketa gutxi
Nafarroako Alderdi Sozialistak uztailaren 29an izanen duen kongresutik berrikuntza gutxi irtengo direla aurreratu du. Zuzendaritza ia berbera izaten mantenduko du, ongi funtzionatzen duelako batez ere, eta aldaketa nabarmenetakoa izanen da antolaketa taldeko zuzendaritzan, Santos Cerdan Pedro Sanchezekin izanen delako eta haren postua Nafarroan beste pertsona batek bete beharko duelako. Chivitek badu izen bat baina ez du aurreratu nahi izan.