Joan den maiatzean fiskaltzak ekinbideak hasi zituen Ultzamako biogas plantaren ustezko irregulartasunak ikertzeko, eta ordutik bi hilabete igaro direnean, ikerketa artxibatzea erabaki du. Ultzamako plantaren kontratazio sisteman iruzur zantzuak atzeman zituelako abiatu zuen ikerketa.
Zehazki, UPN Ultzamako Udalean zegoenean legea urratu ote zuen argitzeko abiatu zuen ikerketa. Instalazioaren adjudikazio prozesuan eta ondoren ordainketa bikoitzak egin ote zituen ikertu du fiskaltzak. Haatik, ondorioztatu du ez dagoela «prebarikazio» deliturik Ultzamako biogas plantaren finantzaketan. Fiskaltzak bere idatzian dio Ultzamako Udalak ez zuela «bidegabe» jokatu Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak obra hori finantzatzeko erabili zituenean.
UPNk txalotu egin du fiskaltzaren erabakia, artxiboak agerian utzi duelako«lauko gobernuaren beste azpijoko bat» izan dela, eta UPN «kriminalizatzeko» asmoa zegoela atzean. Gaur bertan berretsi du hori Sergio Sayas erregionalistak eta gaineratu du, epaitegietan ez badute irregulartasunik ikusi Ultzamako biogas planta horretan ez duela zentzurik izanen Parlamentuan ikerketa batzordearekin segitzea. Hortaz, eskaera hauxe erregistratuko du iraileko lehen bilkuran. Berretsi duena beste behin, UPNren irudia desitxuratu nahian ibili direla Gobernua babesten duten lau alderdiak, Javier Esparzaren eta Patxi Perezen izenak zikinduz, gero, deus ere susmagarririk ikusi ez dutenean.
Eskaera zehatza eginen du idatziz UPNk parlamentuan. “Ultzamako biometanizazio plantaren ikerketa batzordeak bere egin ditzala fiskaltzaren erabakiak eta ikerketa batzordearen lanak bertan behera utzi ditzala”. Uste du, hasieratik beste zentzu batekin zabaldu edo abian jarri zutela ikerketa batzordea.
Kontuen Ganberaren jarrerarekin ere kexu agertu da Sayas. Izan ere, parlamentura ez du igorri Ultzamako planta horretaz egindako txostenaren borradorerik, eta uste du Sayasek eskubidea dutela horren berri izateko.
Uxue Barkosen dietez azalpenak nahi ditu
Uxue Barkosen dieten inguruan ere galdetu diote. Esaten ari gara azken egunotan Kontu Auzitegiak esan duela ez dagoela inolako irregulartasunik zinegotzi eta diputatu zen garaian, Iruñeko udaleko bileretan parte hartzeagatik jasotako dietetan. Sayasek esan du errespetatzen duela hori, baina, azalpenak eman beharko lituzkeela iruditzen zaio. Batez ere, azaltzeko, zergatik elkartzen ziren festa egunetan, adibidez: