Bikin Bat In kantua eta bideoklipa aurkeztu dituzte. Lesakan izanen da aurtengo Nafarroa Oinez eta badu doinua eta irudia. Hitzak Estitxu Arozena Bertsolariak jarri dizkio, musika Igor Telletxeak.
Bideoklipa Xumar Altzugaraik egin du. Tantirumahiru ikastolako iragana eta oraina islatu ditu. Bereziki haurrak ageri dira.
Oinez txokoa
Takoneran aurten ere Sanferminetan Oinez txokoa izanen da. Lesakako ikastola ari da aurtengo Nafarroa Oinez prestatzen eta sanferminetan hitzordu bikoitza izanen dute: Iruñean nagusiena bai, baina Lesakan ere sanferminak dituzte eta han ere izanen dira, osatuan eta jantziak saltzeko dendarekin.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek izanen dute ardura txupinazoa jaurtitzeko, eta hortik aurrera musika izanen da gauero.
Tantirumahiru ikastolak 42 urte beteko ditu. Zazpi ikaslerekin ekin zioten bideari eta egun ehundik gora dira. Espazioa txiki gelditu zaie eta asmoa da Nafarroa Oinez jaiarekin ateratako irabaziekin handiagotzea.