"Euskarazko hedabideetarako Gobernuak bideratuko duen diru-laguntza desproportzionatua" dela iritzita UPNk Ana Ollo Erakunde eta Herritarrekiko kontseilariaren azalpenak entzun nahi zituen. Batzordean aritu zen hizketan Ollo atzo. Esan zuen, euskararen normalizazioaren bidea hartua duela Gobernuak. Alde batetik, Euskararen Plana martxan jarria duela eta hizkuntzari dagokiona emateko lanean segituko duela. "580.000 euro bideratuko dira euskara erabiltzen duten hedabideentzako", gogorarazi zuen Ollok. Europako Hizkuntza Gutxituen Kartak egiten dituen gomendioak jarraitzen ditu Nafarroako Gobernuak eta agintariek duten obligazioa ere badela gogorarazi die erregionalistei: "UPNren proportzionaltasuna 0 euro bideratzea izan zen euskaraz aritzen ziren komunikabideei", leporatu dio.
Gainerako erkidegoetako laguntzak, adibide
Valentzian, hedabideetan valentzianoa sustatzeko 2,8 milioi euro bideratu ditu 2016an hango Gobernuak. Galizian, galegoa sustatzeko 1,6 milioi euro. "Horrek ere erakusten du, Nafarroan orain eginen dena ez dela proportziotik ateratzen", esan du Ollok.
Horixe bera nabarmendu du parlamentarien artean EH Bilduko David Anautek. Kioskotara joan eta zenbat aldizkari, egunkari, irrati kate, telebista, webgune daude gaztelaniaz, eta zenbat daude euskara. Euskaldun batentzako hori da desproportzioa. Berdintasun printzipioa da, desberdin dagoenari tratu desberdina ematea. Diskriminazio positiboa erabiltzea, adibidez.