Ekainaren 18an erabakitzeko eskubidearen aldeko olatua, Nafarroara

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 23a, 08:02

24 herritan herri galdeketak izanen dira. Gure Esku Dago ekimenak antolaturik Sakanan, Bortzirietan eta Mendialdean eginen dituzte estatus politikoari buruzko galdeketak.

“Nafarrok muin-muinean sentitzen dugu erabakitzeko borondate hori. Horren premia dugu. Diktadura frankista luzearen ondoren, Nafarroa Garaiaren estatus politikoa Foru Hobekuntzaren bidez zehaztu zenean, herritarrok ezin izan genuen zuzenean erabaki. Gaur egun horrelako egoera bat pentsaezina da. Guk geuk hartu dugu erabakiaren bidea irekitzeko ardura”. Horiek izan ziren Gure Esku Dago kideen hitzak pasa den larunbatean Iruñean egindako ekitaldi batean. Bertan, ekimen herritar honek antolatu dituen herri galdeketak babesteko egindako adierazpen bat irakurri zuten.

Estatus politikoari buruzko Euskal Herriko lehen herri galdeketa Nafarroan egin zen, Etxarri Aranatzen. Harrez geroztik, 142 herritan egin dira estatus politikoari buruzko galdeketak. “Guztiak herritarron ahalduntze prozesu eredugarriak, erabakitzeko nahiaren isla, eta demokraziaren ariketa argiak”, dio GED-ek. 

Ekainaren 18an ospatuko diren herri galdeketak “aukera ezin hobea" izango dira "herritarren nahia adierazteko, erabakitzen hasteko. Elkarrekin etorkizuna eraikitzen lagunduko dutelakoan gaude”. 

Bestetik, ekainaren 10eko 'Erabakitzeko prest' Bilbon eginen den mobilizazioan parte hartzera ere deitu zuten larunbatean Iruñean.

300 lagunek babesa eman diote ekainaren 18ko herri galdeketari Leitzan

300 lagun inguru elkartu dira maiatzaren 21ean, igande eguerdian, Leitzako plazan, Mendialdeko Gure Esku Dagok egin duen aurkezpenean. “Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizun politikoa modu askean erabakitzea?” eta baiezkoa bada, “Nahi al duzu Euskal Herri libre bateko herritarra izan?”. Horiek izanen dira ekainaren 18ko herri galdeketan erantzun beharreko bi galderak. 

Prozesu parte hartzaile bat egin eta gero zehaztu dituzte galderak eta gaurko aurkezpenean publiko egin dituzte. Ekimeneko kideek herritarrei parte hartzeko eta euren boza emateko dei egin diete. Inoiz eduki ez duten aukera bat delako. Euskal Herriaren etorkizuna erabaki ahal izateko inoiz egikaritzerik izan ez dute eskubidea.

Bertan erroldatutako eta 16 urtetik gorako biztanleak daude ekaineko herri galdeketan parte hartzera deituta. Goizueta, Arano, Leitza, Areso, Larraun, Lekunberri, Araitz eta Beteluko herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko aukera izanen dute. Guztira, 6.630 lagunek izanen dute bozkatzeko aukera ekimeneko kideek egokitutako guneetan. Ekainaren 18az gain beste zenbait data ere izanen dira aurrez bozka eman ahal izateko. 

Bestalde, ekitaldian giroa berotzen joateko sortu berri duten abestia aurkeztu dute. La Jodedera taldeak sortu du abestia, eta eskualdeko musikari, abeslari, bertsolari eta musika ekoizleek parte hartu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!