Maiatzaren 10ean, asteazkenarekin, Edalontzi berrerabilgarria, jai jasangarrien bidean izeneko jardunaldia egingo da, Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiako eta Mugikortasun Jasangarriko Alorrak antolatuta. Ostalariek, elkarteek eta Nafarroako beste toki-erakunde batzuek jaietako hondakinen ondorioei buruzko hausnarketa egiteko parada izatea bilatzen du Udalak, bai eta jardunbide egokiak konponbide alternatibo gisa mahaigaineratzea ere jai jasangarriago batzuen alde . Saioak herritarrei irekita egongo dira.
Hiri Ekologiako eta Mugikortasun Jasangarriko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Alorreko zuzendari Camino Jasok jardunaldiaren edukiak aurkeztu dituzte gaur goizean. Hainbat erakundetako eta Nafarroaz kanpoko udalerrietako ordezkariek parte hartuko dute hizlari gisa jardunaldian. Iruñeko Udala edalontzi berrerabilgarria ezartzearen aldeko apustua egiten ari da, sortzen diren hondakin guztiak murrizteaz gain, festen kalitatea eta jasangarritasuna hobetzen dituelako, baita auzotarren eta bisitarien ongizatea ere.
Iruñeko Udaleko Erabilera Anitzeko Aretoan (Calderería k. 11) aurkezpen bat eta bi mahai-inguru egingo dira, 16:00etatik 20:00etara, sarrera librearekin, interesa duten herritar, elkarte eta kolektiboendako. Hiru jardueretan jaien esparruan hondakinek eragiten dituzten arazo mota ezberdinak aztertu eta horien inguruko hausnarketa egingo da, eta balizko konponbideak bilatuko dira.
Eztabaida bideratzeko, Iruñerriko Mankomunitatearen hainbat datu: sanferminetan sortzen diren hondakinen urteko batez bestekoa (2001-2016ko epea aztertuta)1,14 tonatakoa da (beira, erraztatutako hondakinak eta jasotakoak). Kopuru horretatik, 498.659 kilo lurretik jasotzen dira, erraztatuta, eta horien ia % 15 erabilera bakarreko edalontziak dira. Hots, erabilera bakarreko edalontziek 74.799 kilo hondakin eragiten dituzte. Datu osagarri gisa, kilo horiek petrolioa oinarri hartuta neurtzen baditugu, 8.976 litro erregai-fosilen baliokide lirateke.
Hondakin zikin eta garesti batendako alternatiba bideragarriak
Hiri Ekologiako eta Mugikortasun Jasangarriko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak aurkeztuko du jardunaldia, eta harekin batera Alorreko zuzendaria eta Ingurumeneko teknikari aditu bat izango dira. 16:30ean lehenengo mahai-ingurua hasiko da, Jaietan sortzen diren hondakinek eragindako arazoak izenburupean. Iruñerriko Mankomunitateko Ángel Álvarez, Nafarroa Oinez Fundazioko Marta Igoa eta Gora Iruñea Plataformako ordezkari Gorka Izco izango dira hizlariak.
Atseden labur baten ondoren, bigarren mahai-ingurua abiatuko da, zeinetan arazo horri aurre egiteko jada gauzatutako alternatibak eta bestelako esperientziak aztertuko diren. Martine Bisauta (Baionako -Frantzia- Udaleko Garapen Jasangarriko eta Hiri Estrategiako alkateordea), Salvador Pérez (Terrassako Udaleko Ingurumeneko Dokumentazio- eta Heziketa-Zentroko burua) eta Óscar Rubio (Izarbeibarko Mankomunitateko ingurumeneko teknikaria) izango dira saioaren arduradunak.
Jaietan kaleetako hondakin kopuruak gora egiten du nabarmen, eta arazo bat da, adibidez, eremu publikoan pilatutako erabilera bakarreko edalontzi kopurua, gaueko aisialdiari eta hirien gune historikoei bereziki lotua. Horrek ingurumenean eragin handia du, hondakin horiek ezin baitira birziklatu, zikin baitaude eta beste hondakin mota batzuekin nahastuta. Auzotarrendako eta oinezkoendako eragozpen bat dira, eta toki-erakundeak aparteko gastu bat egitera behartzen dituzte kaleak garbitzeko.
Edalontzi berrerabilgarria bost erabileratan amortizatzen da
Erabilera bakarreko edalontziak erabiltzeak, gainera, baliabide berriztagarri eta ez-berriztagarri asko gastatzea dakar berekin, plastikoa petroliotik baitator eta ura eta energia erabiltzea baitakar. Baliabide horiek guztiak alferrik gastatzen dira eta proportzioan garestitzen dira erabilera bakar baten ondoren galtzen badira. Erabilera bakarreko edalontzia poliestirenoz (PP) egiten da, petrolioaren produktu eratorri bat, oso kaltegarria ingurumenaren ikuspuntutik, 100 urte baino gehiago behar baititu degradatzeko. Horrek guztiak argi uzten du erabilera bakarreko edalontziaren ingurumen-kostu handia.
Horregatik, Iruñeko Udala jai giroan edalontzi berrerabilgarriaren aldeko apustua egiten ari da, lehengaien kontsumoa murrizten laguntzen duen elementua, behin fabrikatu eta gero, baliabide-energetiko zein -material horien kontsumoa amortizatu egiten baita edalontzia 5 aldiz erabiliz gero (bi edalontzien pisua aintzat hartuta kalkulatuta). Edalontzi berrerabilgarriaren erabilera ezarriz gero, sortzen diren hondakinen guztizkoa murriztu liteke (erabilera bakarreko edalontziei dagokiena); garbitasuna hobetuko litzateke; ingurumenari dagokionez, jasangarriagoa litzateke, eta festen kalitatea hobetuko litzateke, baita auzotarren eta bisitarien ongizatea ere.