Administrazioan euskara arautzeko dekretua "motz" geratu dela salatu du EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 3a, 13:22

Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa du "abiapuntu" eta, "muga nagusi". Dekretuak ez du ezartzen administrazioan zenbat euskara ezarri "nork, nola eta non" adostuko duen, Bilduk kritikatu duenez. 

Administrazioan euskara arautzeko dekretua "motz" geratu da, EH Bilduk salatu duenez, zonifikazioa baitu "abiapuntu", eta, beraz, horixe bera du "muga" nagusi. Izan ere, "Nafarroa hiru guneetan bereizita dagoen bitartean, ez da posible izanen hizkuntza eskubideak bermatuta egotea".

Gainera, administrazioan euskara arautzeko dekretuak badu bestelako muga bat: ez du zehazten ehuneko zenbatean izan behar duen administrazioak euskalduna, ezta hori "non, noiz eta nork" erabakiko duen ere. Horregatik, "ez da hizkuntza eskubideak bermatzeko behar adinakoa". Horixe esan du EH Bilduko kide Dabid Anautek, eta, horren aurrean, "eskubideak ziurtatuko dituen dekretua" galdegin du.

Abantaila zenbait

EH Bildu taldeak aitortu du dekretuak "abantailak" ere badauzkala, nolanahi ere, 2003ko dekretutik datorrela aintzat hartuta, "ez zen zaila hobera egitea". Administrazoian euskararen erabilpena hobetuko du dekretuak, eta "lehen baino aukera gehiago emanen ditu".

Ausartago jokatzeko

Gauzak horrela, "konpromisoa" eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari, "ausartago" jokatzeko; funtsean, "jokoan" daudenak herritarren hizkuntza eskubideak baitira, haren aburuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!