Osasun Batzordean, Osasun kontseilari Fernando Domínguezek agerraldia egin du, Nafarroako Ospitale Guneko egoera zein den azaltzeko, EH Bilduk eskatuta eta bi berrikuntza nagusi iragarri ditu: erabilera anitzeko gela eta itxaron gela berriak zabalduko dituela Osasunbideak, Nafarroako Ospitale Gunean.
EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek luzatu dizkio galderak. "Zein da egungo larrialdien egoera? Maiatzean iragarritako neurriak zein unetan daude?". Fernando Dominguez kontseilariak erantzuna eman die Ruizek luzatutako zalantzei. Larrialdi zerbitzuen batuketa 2008an egin zela gogorarazi, eta gobernua zerbitzuaren hobekuntzan ari dela argitu du. Hain zuzen ere, diziplina arteko talde bat aritu da funtzionamendua aztertzen eta konponbideak bilatzen, 2015eko urritik.
Arazoak, askotarikoak
Informazio gune baten falta, espazio eskasia, koordinazio eza, erizaintza zerbitzuaren kudeaketa falta, apenas funtzionatzen duen dinamizazioa... Gobernua horien jakitun dela esan du Dominguezek eta horregatik "neurriak hartu dituela eta hartzen segitzen duela". Gainera, hiru taldetan bereizi ditu beharrak: bat, antolakuntza baliabideak; bi, materiala; eta, hiru, giza baliabideak. Hala, hiruetan, urratsak egin direla azpimarratu du Dominguezek.
Hainbat berrikuntza
Koordinazioari dagokionez, jarraipen talde bat sortzea, koordinazio handitzea, gripe eta sanfermin garaietarako plana garatzea eta erresidenteentzako esku liburua sortzea dira aipaturiko neurrietako batzuk.
Materialaren karietara, hamar gurpildun aulki, hamabi ohe, elektrokardiogramak egiteko bi aparatu eta beste hainbat material erosi dutela jakinarazi du Dominguezek. 208.000 euroko inbertsio egin du Nafaroako Gobernuak.
Azkenik, giza baliabideei dagokienez, pertsonal berria kontratatu dute: 11 lagun, hain justu. Hala, guztira, egun, 43 mediku daude larrialdietan, 101 erizain, 62 laguntzaile eta beste 62 jagole. Arlo horretan, 432.000 eurokoa izan da inbertsioa.