Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarezek aurkeztu du deklarazioa eta Nafarroako Parlamentuko talde guztien adostasuna jaso du.
Jarrera eta jokaera matxistak direla medio "kezka" agertu du legebiltzarrak, bereziki masa espektakuluak diren horietan ematen direnean, "errespetua eta berdintasuna zabaltzeko esparruak izan beharko bailukete". Ingurumari horretan, "tolerantziarik" ez egotea galdegin dute.
Kezka, gainera, partida hasieran jarri eta amaieraraino egon zelako aldarria harmailetan. Maria Jose Beuamont kontseilariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albari eskatu zioten pankarta kentzeko agindu zezan, zelaian zela jakin bezain pronto, haatik, 90 minutuetan egon zen ikusgai.
Gaiaren inguruan batasuna egon da legebiltzarrean eta horren adibide parlamentarien adierazpnak. Geroa Baiko Koldo Martinezek "sinesgarritzat" jo du, eta berehala kendu ez izana kritikatu.
EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek euskal presoen etxeratzearen aldeko sinboloak "berehala" kentzen dituzten bitartean, bortxaketa goraipatzen dutena zergatik ez zuten kendu galdetu du, "eraginkortasun polizialarekin" ironizatuta.
Ahal Duguko Laura Perezek ere irmo gaitzetsi du, indarkeria matxistarekin "tribalizaziorik" ez egiteko eskatuta.