Gobernua babesten duten lau indarrek eta PSNk egin dute bat deialdiarekin. UPN eta PPk ez dute protestarekin bat egin. Sindikatuen artean UGT, CCOO, ELA eta LABek eman dute atxikimendua.
Iruñea zeharkatuko du manifestazioak azaroaren 19an: 'Demokrazia eta askatasunaren alde, faxismorik ez' lema izanen du eta 60 kolektibo, gizarte eragile eta elkarteren babesa izan du.
Alderdi politiko guztiek ere bat egiten dutela nabarmendu dute UPN eta PPk izan ezik. "Izaera politiko eta soziala izanen du manifestazioak, baina, jai giroa ere nabarmenduko da", azaldu dute antolatzaileek.
"Nafar guztiek parte hartuko duten protesta izatea da gure nahia, askatasunen alde eta baita demokrazia eskatzeko ere", gaineratu dute.
Geldialdiz geldialdi
Bost geldialdi eginen dituzte, kolektiboak gutxika manifestazioan sar daitezen: udaletxean sindikatuak izanen dira (UGT, CCOO, ELA eta LAB, besteak beste); Foruen monumentuan, Nafarroako udaletako ordezkariak izanen dira zain; Nafarroako Parlamentuaren parean, gazte mugimenduetako kideak izanen dira; autobus geltoki zaharrean, LGTBIQ+ eta mugimendu feministen txanda izanen da; eta, azkenik, Vianako Printzearen plazan memoria historikoa berreskuratzeko lan egiten duten taldeen unea izanen da.
Askatasuna plazan izanen da martxaren amaiera eta han, diktadura frankistan hildakoei omenaldia eginen zaie. 1936an Nafarroan izan ziren adina krabelin, 3.500, banatuko dira.
![]()