'Pikoletoekin aise, falangerekin kasu', irakur daiteke Koxka tabernako paretetako batean. Mehatxu horiekin esnatu dira Altsasun, falangearen sinadurarekin idatzirik dauden mezuak dira. Joan den urriaren 15ean istiluak izan ziren taberna horren inguruan.
Guardia Zibilak jakinarazi zuen, eraso egin zietela lanetik kanpo zeuden bi guardia zibili eta haien bikotekideei. Beste bertsio bat eman zuten lekuko zenbaitek. "Tabernako ohiko borroka" bat izan zela diote. Bi guardia zibilei tabernatik alde egiteko eskatu zieten, eta uko egin zioten. Guztiz ukatu zuten 45 lagunek parte hartu izana liskarretan, eta, gaineratu zutenez, atxilotutakoetako batek ez du zerikusirik liskarrekin. Protestan zirela, Guardia Zibilak jendearen aurka oldartu zela salatu dute.
Aurretik ere, pintadak
Ez da aurreneko aldia falangearen sinadurarekin mehatxu pintaketak egin direnak Sakanan.
2009ko agorrilaren 20an, Arbizun, lau zinegotziren izenak eta haien kontrako heriotza mehatxuak (“orain zelatan, bihar hilko zaituztegu”) agertu ziren idatzita Arbizuko udaletxeko fatxadan. Aldamenean Falangeren logotipoa eta “Otsaportillo 1936.Gora Barandalla!” idazkia zeuden. Gerora Falange y Tradición taldeak bere gain hartu zituen Euskal Herrian egindako 25 eraso, baina zerrendatu gabe. Urte hartako lastailaren 23an atxilotu zituzten taldeko bost kideak. Haietako hiru delituagatik zigortu zituzten. Aurrekaririk ez zutenez bat bera ere ez zen espetxera joan.