Sanferminetako talde bortxaketa indarkeria matxista gisa epaitu dadin eskatu dute

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 4a

Nafarroako Emakumeen Aurkako Indarkeriari buruzko Foru Legea Espainiakoa baino "zabalagoa" da, eta, horregatik, auzia horren arabera epaitzeko eskatu dute Andrea eta Lunes Lilas elkarteek.

"Hobea" da Nafarroako Emakumeen Aurkako Indarkeriari buruzko Foru Legea, Espainiako  baino, "zabalagoa". Foru legean ez da beharrezkoa erasotzailearen eta emakumearen artean aldez aurreko erlaziorik existitzea erasoa "eraso matxistatzat" hartzeko, eta, bai, ordea Espainiakoan. Bigarren horren arabera, eraso matxista bezala klasifikatzeko, bikotekideak edota bikotekide ohiak izan behar dute biktimak eta erasotzaileak.

Horregatik, sanferminetako bortxaketa epaitzerako orduan, Nafarroako legea ardatza izatea da bi talde feminista horien nahia.

Mugimendu feminista, epaitegi aurrean

Martxoan epaituko dituzte bost gizonak eta hortxe izanen dira Andreako kideak: "Epaitegi aurrean egonen gara", esan du Tere Saez Andreako sortzaile eta Lunes Lilaseko kideak. Elkartasuna adieraziko diote emakumeari, gertatutakoa salatuta.

Sanferminetako bortxaketaren kasuan, Foruzaingoak egindako lana laudatu du Saezek, erasotua izan zen neskak laguntza judizial eta psikologiko guztiak izan ditzan defendatzearekin bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!