Gizarteratze eta Bermatutako Errenta berria, abian

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 3a

Bazterketa eta pobrezia pairatzen duten herritar gehiagori emanen diote babes ekonomiko eta soziala Miguel Laparra gizarte gaietako kontseilariaren esanetan. 

Bazterketa eta pobrezia pairatzen duten herritar gehiagori emanen diote babes ekonomiko eta soziala Miguel Laparra gizarte gaietako kontseilariaren esanetan. Nolakoa da baina lege berri hori?

33.000 lagun inguruk jasoko dute, hemendik aurrera errenta hori, egun baino 3.000 lagunek gehiagok. Errenta eskatzen dutenek egiaztatu beharko dute ez dutela diru sarrera eta ondasun nahikorik. Ez zaie eskatuko bizitzeko lege baimenik, baina Nafarroan bi urte bizitzen ari direla erakutsi beharko dute. Haurrak bere gain dituztenei urte bat eskatuko diete. Zenbatekoak zabalduko dira: egun, 655 euro eta 900 euro artekoa da muga, eta 600 euro eta 1.200 euro artekoa izanen da hemendik aurrera. Batez ere, haurrak bere gain dituzten sendiei igoko diete. Errenta jasotzeko gehieneko 36 hileko epea kenduko da. Eta, enplegua sustatzeko neurriak ezarriko dira. Adibidez, lana topatuz gero errenta eteteko aukera emanen da, eta lana amaituz gero berreskuratuko da errenta. Administrazioak 2.500 lanpostu sustatuko ditu, eta prestakuntza eskaini.

Baliabide minimoak ziurtatzeko Lege proposamena dela nabarmendu du Geroa Baik. Hala, Isabel Aranburuk esan du, ez dela herritarrentzako errenta, baizik, oinarrizko horiek betetzekoa.

EH Bilduk gaineratu du, bermatutako errenta honek ahalbidetuko duela okerren dauden herritarrak babestea eta laguntza ematea enplegua aurkitu eta aurrera egiteko. Pobreziaren aurrean, babesa emanen die herritarrei.

Ez da erraza proposamen honen alde egitea. Hala onartu du Podemos-Ahal Duguko Mikel Builek. Murriztu eginen da prekarietatea eta pobrezia, bai, baina osatuagoa izan liteke legea. Orain, Podemos-Ahal Duguren konpromisoa, Legea hobetzea izanen da. Iruzur fiskala, zorra auditatzea eta erreforma fiskala izanen dira horretarako ezinbestekoak. 

Aurrera pausotzat jo du Izquierda-Ezkerrak. Baliabideak banatzea da asmoa eta hala, desberdintasunak txikitu eta oinarrizko beharrak aseak herritar guztiek izan ditzaten ziurtatzeko Legea da.

Kontra bozkatu dute UPN, PSN eta PPk

UPN gogor aritu da bereziki Izquierda-Ezkerraren kontra. Lehen defendatzen zituenak ez dituelako jaso legeak: oinarrizko soldata izan zedin bermatutako errentaren zenbatekoa, gutxienez, horixe aldarrikatzen zuen lehen, ez du bete orain. Gizarteratzerako eta enplegua lortu ahal izateko ez dela baliagarria izanen esan du Maribel Garcia-Malok. Eragile eta oposizioarekin adostu gabeko legea dela ere leporatu diote.

Akordioa erdietsi ez izanak pena eman dio alderdi sozialistari. Autonomia falta sumatzen dute kontseilarien artean, lauko gobernuari men egiten diotelako. Lanpostu bat bilatzeko errenta ez dela leporatu diote gizarte gaietako kontseilariari. 

Gobernua babesten duten alderdiek, Lege proiektua babestu dute, eta hala aurrera atera da Gizarteratzea eta Bermatutako Errentaren lege berria. Aurkako boza eman dute UPN eta PPk eta baita, alderdi sozialistak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!