Bermatutako Errentak "bizi duina" ziurtatuko ez duela salatu dute

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 2a

Argazkia: Zuzenketa aurkeztu duten herritarrak, Nafarroako Parlamentu aurrean.

Lauko Gobernuak proposatutako Bermatutako Errentaren kontrako zuzenketa aurkeztu dute hamalau eragilek, giza talde batzuk baztertzen dituelakoan.

Soka luzea dakar errentaren gaiak. Oinarrizko Errenta izan zen UPNren urteetan, baina, 2012an aldatu egin zuten erregionalistek, Gizarteratze Errenta bilakatuta. Orain, Bermatutako Errenta da lauko Gobernuak ezarri nahi duena, eta eragile sozialek begi onez ikusi badute ere,tartean Oinarrizko Errentaren aldeko Plataformak, "parte hartze eta eztabaida eskasa" egon dela deritzote.

Askotarikoak dira kritikoen kexen sustraiak: Familia bakarreko pertsonak 655 euro jasotzen zituela Gizarteratze Errentarekin; eta, orain, ordea, 600 jasoko dituela, 55 gutxiago, alegia; migratzaileei, erresidentzia baimena exijituko ez badiete ere, bi urteko erroldatzea eskatuko dietela, akordio programatikoan urte bakarreko eskaria eginen zietela adostu zuten arren; eta 18 eta 25 urte artekoei bi urte emantzipatuta egotea eskatzeaz aparte, urtebeteko kotizazioa galdegiten dietela.

Batzuk, babesgabe

Badira, halaber, legearen gerizpetik at geratzen diren kasuak ere: Kartzelatik atera berri direnak, errefuxiatuak, jatorrizko herrialdean seme-alabak dauzkatenak, familia buru papera bete behar dute gazteak... Horiek guztiek ez dira legearen aurreikuspenetan sartzen, eta, beraz, "Bermatutako Errentak ez ditu herritar guztien beharrak asebetetzeko baldintzak betetzen". Egoera horiek guztiak, gainera, ez dira salbuespenak, ohiko kasuak baizik.

Gauzak horrela, zuzenketa aurkeztu duten hamalau sindikatu eta eragileek positiboki baloratu badute ere Bermatutako Errenta Lege proposamena, ez dute babesten, eskuratutako eskubideei dagokienez, atzerapausoa delako eta ez duelako bizi duin bat ziurtatzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!