Aldaketa Nafarroako instituzioetara eta bereziki Gobernura iritsi zenetik, lehen aldiz egin dute Foru erkidegoaren egoera aztertzeko osoko bilkura. Uxue Barkos Lehendakari denetik, lehen aldiz egin du balantzea. 16 hilabete joan dira presidente kargua hartu zuenetik eta bi orduz aritu da hilabeteotako zereginak nondik nora joan diren aztertzen. Euskaraz eta gaztelaniaz aritu da lehendakaria, eta lehen aldiz Parlamentuan halako eztabaida batean zeinu hizkuntzan ere eskaini dute itzulpena.
Lehenik, Gobernua babesten duten lau indarren egonkortasuna nabarmendu du. Akordioak erdiestea lortu eta aurrera begira pausoak eman dituztelako. Lehentasunak zeintzuk diren jakin eta horiei eusteko erronkari erantzuna eman diotela adierazi du Barkosek. Hala, lehentasunezko diren gai horietarako adostasunak lortzeko eskaera egin du legebiltzarrean.
Lehentasunak ere argi dituzte akordio programatikoan, eta hortaz, Gobernuaren baitan: enplegua, ongizatea mantentzea, autogobernuaren defentsa eta bizikidetza. Horietan, eskua luzatu die Gobernua babesten duten alderdiez gain, baita gainerakoei ere, keinu eginez, alderdi sozialistari beste behin. Izan ere, aldaketaren proposamen hauetan, eredu berri honetan, inor bazterturik ez dela geldituko berretsi du Barkosek.
Alor ekonomikoa, oinarrizko baliabideak nafar guztiek izatea eta enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea da Gobernuaren erronka eta hurbileko helburuetako batzuk. Horregatik, Biztanleria Aktiboaren Datuak jaso ditugun egunean, nabarmendu du, inkestek joera positiboa hartzen ari dela adierazi arren, bide bada egiteko.
Egindakoen artean, erreforma fiskala goraipatu du. Horren bitartez, aberastasuna hobeki banatzen hasi direlako, nahiz, bide horretan ere oraindik hutsuneak egon.
UPNren 20 urtetako aginteak utzitakoa, urtebetean konpontzea, bideratzea ezinezkoa dela ere nabarmendu nahi izan du lehendakariak. Nahiz eta alor batzuetan pausoak nahi baino mantxoago joan, egiten dituzten aldaketak iraunkorrak izanen direla, atzeraezinak, esan du.
Zerekin topatu ziren gobernuaren egoitzara iritsi zirenean? Nafarroako lehendakariak, banan-banan xehetu ditu nondik norakoak. Baina, hitz bat erabili du egoera deskribatzeko: suntsitzailea. Eta hala utzi zuela UPNk Nafarroa, erabat hondatuta.
Lehenik, finantza errealitateari begiratu dio. 3.323 milioi euroko zorrarekin topo egin zuen exekutiboak, eta horri gehitu behar zaio 2030era arte urtero 64 milioi euro ordaindu behar direla itzalpeko bidesari bidez azpiegiturak finantzatzeko. Foru altxortegia erabat hutsik zegoela ere ekarri du gogora: 2007an 1.200 milioi euro zegoen altxortegian eta gobernura heltzean, 50 milioi baino ez.
Garapen ekonomikoari so, ez zuten industria proiektu bakar bat ere bultzatu. Haren esanetan, Moderna plana "desagertua" zegoen, eta Nafarroa eskualde estrategiarik gabe; ikerketa eta garapenean plan teknologikoa garatu gabe; enplegu planik gabe; Interneteko banda zabalen eta industria, lanbide heziketa, enpresa inbertsioen ataletan "inongo planik gabe".
Osasunean aurkitutako egoera dramatikoki etsigarria izan zela ere nabarmendu du Barkosek. Aurrekontuetan eta kudeaketan izandako utzikeriak osasun publikoa praktikoki eraitsi duela dio. Haren esanetan, itxarote zerrendak "onartezinak" ziren, teknologia zaharkitua, profesionalak desmotibatuta, ebaluazio sistemak garatu gabe, gaixoek bere iritzia emateko inkestarik gabe… Eta horri guztiari aurre egiteko planik gabe.
Hezkuntzan abiapuntua zen behin-behineko langileak irailetik ekainera kontratatzea hilabete batzuk aurrezteko. Ikasle ratioak ere iraultzea egokitu zaiela aipatu du, eta lehen aldiz bost urteren ondoren lan eskaintza publikoa egin dutela.
Eskubide sozialen alorrean, "larrialdi egoera erabatekoa" zen. Gizarteratzeko errentan gobernura heldu eta berehala 28 milioi jarri behar izan dituzte. Gogorarazi duenez, UPNren gobernuak enplegu babestuan %50 murriztu zuen, menpekotasun laguntzak %25 murriztu eta hura bateragarri egiteko diru sariak kendu... Ez da ezer planifikatu ere 2005etik gizarteratzearen alorrean, edo 2002tik haur eta nerabeen sektoreetan.
Euskararen atalean, ez da egon inongo borondaterik Euskararen legea garatzeko, ezta planifikaziorik egin ere. ETB emititzeko konponbiderik ez da bilatu eta irratien espedientearen ebazpena 19 urteren ondoren iritsi da, Euskalerria irrati honi lizentzia eman zaion arte.
Memoria Historikoaren alorrean ere gabezia ugari, planifikaziorik ez baita izan inoiz. Elkarbizitzaren atalean izandako planifikazio falta "bereziki izugarria" izan da. "Frankismoaren ondorengo 40 urteetan ez da sekula sortu egiturarik bake eta elkarbizitza bultzatzeko". Udalak finantzatzeko aurrekontu nahikorik ez zegoen, eta "berehala sei milioi euro jarri behar izan zituztela dio.
Diogunez, atzera begira jarri da, 16 hilabeteotako lana nabarmendu du eta aurrera begirako erronketan lau alor nabarmendu ditu: politika sozialak indartzea, hezkuntza, osasuna eta enplegua.Bi orduz aritu da Uxue Barkos lehendakaria Foru Erkidegoaren egoerari buruzko osoko bilkuran, hizketan.
Oposizioak autokritika gutxi egitea leporatu dio
UPN, PSN eta PPren erantzunak iritsi dira ondoren. Kritikak, atzera begira gehiegi jarri delako eta autokritika gutxiegi egin duelako. Alderdi sozialistak ez dio onartu, zenbait gairentzako euren babesa eskatu izana, besteak beste, elkarbizitzan, euren Gobernuaren baitako talde batek ETAren terrorismoa kondenatzen ez duen bitartean, babesik ez itxoiteko esan dio PSNk.
Akordio programatikoak aurrera
Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak, Barkosen hitzaldia bide onetik ikusi dute, eta bakoitzak bere ñabardurak egin ditu. Jarraian, entzunen ditugu guztien esanak.