Erkidegoaren egoera aztergai, Parlamentuan

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 27a, 08:40

Uxue Barkos lehendakari denetik lehen aldiz eginen dute Nafarroaren egoerari buruzko eztabaida. Gobernua babesten duten indarren "egonkortasuna" nabarmenduko du bere hitz hartzean. 

Bilkura berezia izanen dute, aztertzeko, Erkidegoaren Egoera nolakoa den. Politika orokorreko bilkura izanen da eta alderdi bakoitzak erkidegoa nola ikusten duen adierazteko baliatuko du.

Mahai eta Eledunen batzarrean adostutakoaren arabera, bihar, goizeko bederatzi terdietan hasiko da saioa. Nafarroako Lehendakariak hartuko du hitza, hasteko. Nahi beste denbora erabiliko du bere hitzaldia egiteko. Gaurko Gobernu bilkuraren osteko agerraldian, Maria Solana bozeramaleari galdetu diote, nondik nora joanen den lehendakariaren biharko hitzaldia. Esan du, legealdiaren inguruko balorazio orokorra eginen duela, emandako pausoak goraipatuko dituela, ahaztu gabe, erronka handia oraindik aurretik dutela, egoera ekonomikoa hobetzea.

Ondoren, ordu erdiz geldituko da osoko bilkura, gainerako taldeek Uxue Barkosek eginen duen hitzaldiaren inguruan hausnartu eta ondorioak atera ditzaten.

Oposizioa entzunen dugu ondoren, handitik txikira hartuko dute hitza, bakoitzak, gehienez 30 minutu izanen ditu. UPN, PSN eta PPko eledunak entzunen ditugu. Gero, Gobernua babesten duten alderdietako eledunak: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra.

Guztiak entzunda, Uxue Barkosek aukera izanen du erantzuna emateko, eta era berean, gainerako alderdiek ere izanen dute bigarren aukera bat. Azken hitza, Uxue Barkosena izanen da.

Behin eztabaida amaituta, 15 minutu izanen dituzte alderdiek, erkidegoaren egoera hobetzeko proposamenak egiteko. Mahaiari, idatziz aurkeztu beharko dizkiote, alderdi bakoitzak gehienez bost.

Gobernua babesten duten lau alderdien artetik hiru izan ditugu Euskalerria Irratiko magazzinean. Geroa Baiko Jokin Castiellak uste du, desberdinen artean adostutako akordioak garrantzia handia duela, eta errealitate egiten ari dela aldaketa Nafarroan, nahiz eta, erritmoz, batzuentzat mantxoegi joan.

EH Bildurentzat zenbait alorretan motelegi ari da aldaketa gertatzen. Egia da dena dela, aldatzen diren horiek, denboran mantentzeko asmoz ari direla aldatzen.

UPN eta PSNren legealdiak luzeak izan dira gurean. Horixe aipatu du Podemos-Ahal Duguko Ainhoa Aznarezek.

Ostiralean ere bilkurak segitu eginen du. Alderdi bakoitzak egindako proposamenak defendatu beharko dituelako. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!