Euskararen erabileraren sokatik gogor tiratu nahi dute Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastolek. Eta ideia horrekin osatu dute igandean ospatuko den Nafarroa Oinez-en leloa: Hartu, tenka, tira!. Aurtengoa «historikoa» izan daitekeela uste du Iñigo Telleria Lodosako Ibaialde ikastolako zuzendariak: «Lehendabiziko aldia da bi ikastolak elkarlanean antolatzen dutela Nafarroa Oinez. Gainera, ikastola txikiak dira gureak».
Dena den, Telleriak esan du Vianara joango direnek egin dezaketela eguna historikoa, eta hori lortzeko «denon eskuak» behar direla. Ebro inguruan euskarazko hezkuntzak dituen «mugak» gainditu eta kalitatezko zerbitzua eskaintzea dira helburuak.