Sagardia-Goñi sendiko kideak Legarreako leizean amilarazi zituztela zioten, Gazteluko eta Legasako lurrek bat egiten duten tokian. 80 urte geroago, familiak gordetako memoriak, Jose Mari Esparza historialariaren ikerketak eta Aranzadi zientzia elkartearen lanak leizetik egia azaleratzea lortu dute. Errealitate krudel, triste eta kriminal bat izan dela adierazi zuen Paco Etxeberria Aranzadiko presidenteak.
Aranzadiko lan taldeak hilabetean aurkitu ditu Legarrean hildako senide guztiak. Amaren arrastoak lehenbizikoz asteburuan aurkitu zituzten, eta atzo hezurdura osoa aurkitu eta lanak bukatutzat eman zituzten. Horregatik, jende anitz bildu zen Legarreara; sagardia-goñitarren ondorengoak ez ezik, inguruko herrietako bizilagunak ere.
Zergatiarekin batera, familiak eta ikerlariek argitu nahi dute nola hil zituzten sendiko zazpi kideak. Etxeberriak aitzinatu du, ordea, agian ezinen dutela argitu.