Bertze gai bati heltzeko asmoa banuen ere, derrigorrez, Sagardia Goñi familia aipatu beharrean naiz gaur. Espainiako Gerrak ankerkeria ugari utzi zuela jakina genuen. Sufrimendu anitz, oinazea. Eta oraindik, sufrimendu eta oinaze horrek irekita dirau. Amatxiren anaia Enriqueren arrastorik ez da inon, ez paperetan, ez lurpean. Bide bazterren batean segituko du. Badirudi, batzuek ez dugula memoria eta justiziarako eskubiderik.
Ankerkerien rankinak ez du inolako zentzurik, norberaren sufrimenduak ez baitu parekorik. Baina badira, aldian-aldian, agertzen diren albiste lazgarriak, gizakiaren higuina ageriago uzten dutenak. Sagardia-Goñi familiarekin gertatutakoak oilo-ipurdia paratzen dio edonori. Haurdun zegoen emakume bat bere sei seme-alabekin bizirik zulora bota zituzten. Kondaira zena benetan gertatu zela frogatu ahal izan da.
Eta egiaren bide horretan Aranzadi egiten ari den lanak nire gorespen guztia merezi du. Sagardia-Goñiren senideak bezain eskertuta nago ni Aranzadirekin. Gaur, libreago garelako. Egia pusketa bat eman digutelako. Beran, Usetxin, Iberon, Urzanten, Ripan, Urbasan, Fustiñanan, Otsaportillon… eta hobi bat irekitzen duten aldiro ematen digutelako egiaren parte bat. Mila esker.