Iruñeko Udalak ezin ditu Espainiako bandera eta Felipe VI erregearen erretratua osoko bilkuren aretoko atzealdeko txoko batean jarri. Hala ebatzi du Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiko epaileak. Estatuaren Abokatutzak jarri zuen demanda, eta Udalak ebazpenaren aurka helegitea aurkez dezake.
Legearen arabera, eraikin publikoen barruan Espainiako banderak toki lehentasunezko, ohorezko eta ikusgarrian egon behar du; eta erregearen erretratuak, osoko bilkuren aretoko lehentasunezko tokian.
Ebazpenean epaileak aitortzen du legeak ez duenez zehazten zer den “lehentasunezko tokia”, analisi subjektiboa egin behar dela. “Ikurrak aretoaren fondoan jartzeak, publikoaren gibelean, eta sarreratik gutxien ikusten den lekuan, ez du betetzen legeak exijitzen duen lehentasunezkotasuna, are gutxiago aintzat hartuz aurkeztu den deokumentazioak demostratzen duela aretoko atea zabaltzen delarik, ateak txoko horretarantz egiten duela, eta sartzen direnentzat erretratua zein bandera ezkutuan uzten dituela”.