Airean dago oraindik abertzaleen arteko zerrenda bateratua, eta egunak aurrera doaz. Geroa Baik atzo iragarri zuen 48 orduko epean jakinaraziko duela zer eginen duen, eta, beraz, bihar bertan erabakia kaleratzea da litekeena. Bitartean, buru politikoen adierazpenak baino ez.
Ahal Duguk zerrenda bateratuari ezetz esan ostean, "gainontzeko indarrei dagokie aldaketaren alde lan egiten jarraitzea, ahalik eta ongien", Nafarroako presidentearen aburuz. EH Bildurekin joan ote daitezkeen galdetuta, bi alderdiek Espainian "eskaintzeko asko" dutela baino ez du esan.
Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentaria zehatzago mintzatu da. "Guk lau indarrak batera aurkeztearen alde egiten genuen, orain pentsatu behar dugu zer eginen dugun", adierazi du.
Adolfo Araizen (EH Bildu) irudiko "onena" aldaketaren indar guztian batera joan izana litzateke, "erregimenaren kontra pultsua egin eta irabazteko". Ezinezko denez, onartu du, halaber, "ikertzen" ari direla Geroa Bairekin "hauteskunde akordioren bat" egitea.