Parlamentarien solasaldia: Tortura salatzeagatik egindako atxiloketak gaitzetsi dituzte parlamentariek

Euskalerria Irratia 2016ko api. 21a, 10:23

> Jokin Castiella (Geroa Bai): "Tortura jartzen duen mural batean ez dakit non ikus daitekeen Guardia Zibilari iraina".
> Bakartxo Ruiz (EH Bildu): "Antza, tortura ez da delitu, baina tortura salatzea bai".
> Ainhoa Aznarez (Ahal Dugu): "Barne Ministerioaren antzerkia izan zen atzokoa [atxiloketak]".
> Joseba Ezeolaza (Ezkerra): "Zazpi alditan salatu du Europak Espainiak torturaren inguruko salaketak ez dituela ikertu".

Hitzetik hortzera dabiltzan gaiak jorratu dituzte Geroa Baiko Jokin Castiella, EH Bilduko Bakartxo Ruiz, Ezkerrako Joseba Ezeolaza parlamentariek eta Ahal Duguko kide eta parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek, Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean.

Tortura, parlamentariek aztertuta

"Antza, tortura ez da delitu, baina tortura salatzea bai". Irmo mintzatu da Ruiz, atzoko zortzi atxiloketak gogoan. Geroa Baiko parlamentariak, aldiz, muralaren beraren nolakotasunean jarri du mira: "Tortura jartzen duen mural batean ez dakit non ikus daitekeen Guardia Zibilari iraina". Testuinguruan kokatu nahi izan du, gainera, gertakaria. "Gaur egun horrelako gauzak ikustea ez da batera onuragarria oraindik konpontzen ari den gizarte batentzat", aipatu du Castiellak.

Bestelako elementu bat ekarri du eztabaidara Ruizek: "Guardia Zibila akusatua sentitu bada, horrek adierazten du, argi eta garbi, tortura egon dela eta badagoela".

Ahal Duguko kide Aznarezen hitzetan, "gehiegikeria" izan da polizia operazioa, "Barne Ministerioaren antzerkia", hain zuzen. Bat egin du harekin Ezeolazak, izan ere, "surrealista" izan da gertatutakoa, haren ustetan. "Deliturik balego, delitu administratiboa litzateke", ñabardura egin du. Torturaren erroei so egin die, halaber, Ezkerrako ordezkariak: "Zazpi alditan salatu du Europak Espainiak torturaren inguruko salaketak ez dituela ikertu".

Carmen Alba. Espainiako Gobernuko ordezkariaren izena ahotik ahora ibili da parlamentarien solasaldian. "Bere oposizio politiko partikularra" egiten du, Ezeolazaren irudiko, hark agindu baitzituen atxiloketak. "Frankismoko gobernadore zibilaren papera betetzen du", zehaztu du Ruizek, eta, horregatik "bada garaia dimisio exijentzia egiteko".

Espainia, ate joka

Errepikatu egin daitezke Espainiako hauteskundeak, eta hor Ahal Duguk asko du esateko. "Abenduaren 20an [hauteskunde egunean] esan genuen Ciudadanosekin eta PPrekin ez gindoazela inora", adierazi du Aznarezek. Haatik, ez daki bozak errepikatuko diren, oraindik akordioren bat erdietsi dezaketelakoan dago.

Madrilgo erabakiak airean, lauko gobernua osatzen duten indarrak Kongresura eta Senatura batera aurkeztea da Geroa Bairen eta EH Bilduren asmoa. "Disposizio osoa" du Bilduk gainontzekoekin batera joateko, "senaturako eta kongresurako, koalizio formatuan, eta ez aurrekoan egin zen moduan", Ruizek adierazi duenez.

Hauteskundeak izan zirenean, senaturako aurkeztu ziren batera, ez, ordea, kongresurako. Geroa Baik ez zuen ontzat eman zerrenda bateratuarekin joatea bietara. Jarrera aldatu du, baina. Oraingoan, bai. Hori da Castiellak defendatu duena. Nafarroako "aldaketa" Madrilera ere "eraman" daitekeela uste du. "Arrakastatsua" izanen litzateke.

Nafarroako Ahal Duguk ez du "barne eztabaidarik" izan oraindik gaiaren inguruan. Erabaki beharrekoa, nolanahi ere, Madrildik ez dela etorriko ziurtatu du parlamentuko presidenteak. "Zorionez hau ez da PSN. Hemen Nafarroak erabakitzen du Nafarroan gertatzen dena. Nafarroak erabakitzen badu jo behar dugula hautagaitza bateratuan, joko dugu".

Ezkerra ezkorrago mintzatu da hautagaitza bateratuaren inguruan. "Aldentzen gaituena ezin da baztertu", esan die Ezeolazak gainontzeko indarrei. "Espainian bestelako ereduak ditugu, bestelako erlazio politikoak... Kongresurako koalizio bat ez bada ateratzen, aldaketa ez da ahulduko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!